EAJ-PNVren Aberri Batzarrak onartu du euskal gizarteak beste behin EAJ-PNV eta EAren arteko koalizioari azaldu dion konfiantza, une honetako konplexutasunaren gidari izan dadin. Zentzu honetan datuok ezin adierazkorragoak dira, erabat nabarmena baita koalizioak berak bakarrik bigarren eta hirugarren indar politikoek elkarrekin besteko botoak bereganatu dituela, eta boto-emaile guztien %39 bezainbat dela.
EAJ-PNV jakitun da euskal gizarteak itxaropen handiko uneak bizi dituela bakegintza-bidean. Beti ere kontuan izanik bakegintza dela, besteak beste, behin betirako indarkeriaren mehatxua uxatzea, sekula gehiago helburu politikoak lortzeko tresna izan ez dadin. Bakegintzak eskatuko du indarkeriari uko egitea, biktimei egindako kalteak aitortzea eta preso eta atzerriratuen egoera negoziatzea. ETAk ez du bakegintza-prozesua alferrik galdu behar eta euskal gizarteak politikagintzaren plazatik alde egingo duenaren froga zehatzak eskatzen dizkio.
EAJ-PNVk uste du garai berriek sasoi batean indarrean jarri ziren neurri bereziak gainditzea eskatzen dutela, bai euskal gizarteak sekula onartu ez zituelako eta baita espainiar gizartea ere honez gero hasia delako zalantzan jartzen, Eskubide Estatuari inondik ere ez dagozkion neurriak direlakoan. Normalkuntza politiko honek eskatu ere eskatzen du, zalantzarik gabe, okerreko izena daraman Itun Antiterrorista delakoa eta Alderdi Legea deuseztatzea, iraganeko estrategia politikoaren adierazle direnez gero.
EAJ-PNVk uste ere uste du, gizartearen aniztasunak eskatzen diela alderdi politikoei elkarren kontra muturka ez aritzea eta elkarrenganako bazterketa eta ukoak uxatzea. EAJ-PNVren iritziz, gizartearen aniztasun horrek eskatzen die alderdiei inor alboratu gabeko elkarrizketa bideratzea eta, hiritarrek indar politikoen eskutan ezarri duen erantzunkizunaz jabetuz, hitzarmen iraunkorrak lortu gurarik saiatzea. Era bateko zein besteko irizpide ezberdinen gainetik, gizartearen gehiengoak nahi eta gura du erabateko normalkuntza politikoa lortzea, beti ere kontuan izanik normalkuntza politikoa dela ordezkaritza demokratikoaren jabe diren eragile politikoen artean oinarrizko hiru abiapuntu hauek hitzartzea, alegia: euskal gizartearen aniztasuna onetsiko duen harreman-markua, euskal gizartearen erabaki-ahalmena eta aldebakarreko erabakiak hartu ezinaren printzipioa.
Josu Jon Imaz EBBren buruzagiak eta Juan Jose Ibarretxe jarduneko lehendakariak aho batez azpimarratu dute EAJ-PNVren Aberri Batzarraren aurrean, euskal gizarteari lasaitasun-mezua luzatu nahia, Euskadi aspaldidanik itxaro eta orain alferrik galdu behar ez den aukerabidearen atarian dagoelakoan.