Goizeko hamarretan bildu da Sabin Etxean EAJ-PNVren Ohiko Aberri Batzarra. Batzarra osatzen duten 71 ordezkariez gain, Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzaren sailburuak, EUDEL-en lehendakaria, Euzkadi Buru Batzarraren kideak, Herrialde Buru Batzarrak, Aberri Epaimahaia, Aberri Berme eta Zaingo Batzordea, Aholku Batzordea eta Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Foru Parlamentuko, Europar Legebiltzarreko, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko legebiltzarkideek ere parte hartu dute, azken guzti hauek hitz egiteko bai baina botorik emateko eskubiderik gabe.
Ordezkari jeltzaleen Batzarra, Mariasun Belamendia Aberri Batzarraren lehendakari ohia zenaren aldeko minutu bateko isilunearekin hasi da. Belamendia andrea, ekonomilaria, Bilboko Metroaren Zuzendaria, Bizkaiko Metal sektorearen Federazioaren diruzaina eta EAJ-PNVren azken Batzar Nagusiaren mahai burua izan zen. Bere alde emandako hitzak "osoko abertzale zintzoa izan zen eta bizitza osoan euskal abertzaletasunaren aldeko ahalegina egin zuen” izan dira.**
2005ean zehar Euzkadi Buru Batzarrak, deskargu honen xede diren arloak politikoki kudeatzen aritzeaz gain, beste gai batzuk lantzen ere jardun du, zehazki zazpi. Gai horiek Kontseilu Nazionalaren arretaren zati handi bat bereganatu dute, euren garrantzi politikoagatik nahiz Alderdiko afiliatuengan eta jarraitzaile eta boto-emaileengan duten eraginagatik. Hona hemen zazpi gai horiek:
- Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak prestatzea. Hauteskunde horiek Espainiko Gorteek EAEko Estatutu Politiko berriaren proposamena baztertu eta handik gutxira egin ziren. Horietan parte hartzeko, berriz ere EArekiko hauteskunde-koalizioa gauzatu ahal izan zen eta, horretan oinarrituta, EBrekiko hirualdeko gobernu-akordioa berrargitaratzea negoziatu, Aralarren unean uneko laguntzarekin.
- Eusko Legebiltzarreko Mahaia aukeratzeko prozesuan izandako gertaera, eta Juan Mª Atutxa lehendakari-gai gisa ordezkatu behar izana.
- Europar Batasuneko Konstituziorako erreferenduma eta EAJ-PNVren kanpo-proiekzioa Europako Alderdi Demokrataren (EAD) eta Europako Liberalen eta Demokraten Aliantzarekin (ELDA) bidez.
- Bake-prozesuaren eta normalizazio politikoaren inguruan Alderdiak abiarazitako ekimena Elkarbizitzarako Bake Bideak dokumentuaren bidez zehaztea.
EEBk 2005eko urriaren 10ean onetsi zuen Elkarbizitzarako Bake Bideak (Bortizkeriaren bukaera elkarrizketatuaren eta normalizazio politikoaren aurrean) izeneko ekimen-agirian, EAJ-PNVk argi eta garbi azaltzen du zein iritzi duen bake-prozesuaren inguruan.
Dokumentu hori EBBn egin den lan gogorraren eta hainbat eztabaidaren fruitua da. Testu guztiaren zentzua eta eragina oso sakon neurtu eta aztertu da, iritzien sintesia egin eta testu osoaren interpretazio unibokoa lortze aldera. Eztabaida Eztabaida horren guztiaren emaitza dugu, beraz, dokumentu hau, aho batez onetsi ondoren, urriaren 22an komunikabideetan aurkeztu zena.
Ez dugu aukera hau alferrik galdu behar. Halakorik gerta ez dadin, gure balioak garbi eta behar bezala definituta izan behar ditugu. Gogoan izan behar dugu bakea bera eta hori lortzea ezin direla inola ere proiektu edo helburu politiko zehatzari mugatuta egon. Prest egon behar dugu bide politikotik —besteak beste, alderdien arteko elkarrizketa eta normalizazio-akordioak sustatuz— ahalik eta gehien egitera gure herrian bakea ezarri eta finka dadin.
EAJ-PNVren ustez, beharrezkoa da gure herriko nortasun eta iritzi ezberdinak integratuko dituen akordioa egitea eta, horrela, gehiengo nahikoa lortzea, bere garaian Gernikako Estatutuak biztanleen aldetik izan zuen babesa gainditzeko.
Akordio hori, gainera, guztiok errespetatu behar dugu, euskal herritarren erabakiaren emaitza izango baita. Azken batean, akordio hori bi ideiatan egongo da oinarrituta: ez ezarri eta ez eragotzi. Alegia, orain arteko akordioek duten baino onarpen gutxiagoko akordiorik ez ezartzea; eta orain arteko akordioek duten baino onarpen handiagoko akordiorik ez eragoztea.
- Estatuko eta EAEko aurrekontuak direla eta hasitako bi negoziazio-prozesuri buru ematea. Prozesu horiek, zalantzarik gabe, eragin nabarmena izango dute gure herriaren etorkizun ekonomiko eta sozialean eta autogobernuaren garapenean.
- EAJ-PNVn Emakume eta Gizonen Arteko Oreka Lortzeko Plana onestea eta Eusko Legebiltzarrerako hautagai-zerrendetan lehen aldiz berdintasuna aplikatu izana.
- EAJ-PNVn Euskararen Erabilera Normalizatzeko Lehen Plana onestea, IV. Batzar Orokorraren agindua betez.
Era berean, Aberri Batzarrak Abendaño eta Zaramagako (Gasteizen), eta Algortako (Bizkaian) batzokien kontra burutu izan diren erasoak gaitzetsi egin ditu.
Sabin Etxean, 2006ko otsailaren 25ean.
** Mariasun Belamendiaren curriculuma
Mariasun Belamendia EAJren Aberri Batzarraren lehendakari ohia 2006. urteko urtarrilaren 10ean hil zen, 61 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz. Belamendia, ezkondua eta lau seme-alabekin, 1979. urtetik Bilbo Zaharreko Uri Buru Batzarrean afiliatua zegoen.
Belamendia ekonomista zen eta Bilboko Metroaren Administrazio Zuzendari gisa lan egiten zuen. Aurretik, Bizkaiko Metalaren Federakuntzako diruzaina izan zen.
2004. urteko urtarrilean EAJk Bilboko Euskalduna Jauregian burutu zuen azken Batzar Nagusiaren buru izan zen Belamendia. Baita, Aberri Batzarraren Bizkaiko Ahalduna eta Emakume Abertzale Bulegoko kidea ere.