Mikel Burzako Mexikora bidaiatuko da igandeko Hauteskunde Presidentzialetan nazioarteko begirale gisa parte hartzeko

EBBko Kanpo Harremanetarako burukide arduraduna Morenak gonbidatu du, Andrés Manuel López Obradoren alderdiak, inkesten arabera hauteskundeetako garaile izango denarenak
Mikel Burzako Mexikora bidaiatuko da igandeko Hauteskunde Presidentzialetan nazioarteko begirale gisa parte hartzeko
28 Ekaina | EBB

Mikel Burzako Euzkadi Buru Batzarrean Kanpo Harremanetarako burukide arduraduna dena Mexikora bidaiatuko da bihar, Mexikoko Hauteskundeetarako Institutu Nazionalaren akreditazioarekin igandean, uztailak 1, Mexikon egingo diren Hauteskunde Presidentzialetan nazioarteko begirale gisa jarduteko. Burzako Movimiento Regeneración Nacional (Morena) alderdiak gonbidatu du, Manuel López Obradorrenak, inkesta guztien arabera igandeko hauteskunde erabakigarrietan garaile izango denarenak. Burzako bera eta Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar iragan martxoan López Obrador hautagaiarekin batzartu ziren burukide biek Mexikora egin zuten bidaian,zeinetan hauteskundeetan aurkezten diren talde politiko nagusienetako ordezkari eta hautagaiekin, hauen artean PAN eta PRI alderdietako ordezkariekin eta talde politikoetako independenteekin batzartu ziren.

89 milioi pertsona daude igandeko hauteskundeetan bozkatzera deituak, Mexikoko historia osoan botoa emateko eskubidea duten hiritar kopururik handiena emango delarik. Uztailaren 1 historiko honetan nazio osoko 3.000 herri kargudun aukeratuko dira, Errepublikako Presidente berriaz gain 128 senatari, 500 diputatu eta 9 gobernadore aukeratuko direlarik. Burzakok nazioarteko begirale lanak egingo ditu Pueblan. “Ez dira beste edonolako hauteskunde batzuk izango. Lehenengo eta behin, Donald Trump Etxe Zurira iritsi izanak eta segurtasun eta politika migratzailean aplikatzen ari den politikek Mexikok nazioarte mailan daukan protagonismoa areagotu dutelako”, azaldu du burukideak. “Mexikoko esportazio guztien %80 AEBra doaz. Egoera honetan, Europako Batasunak Mexikoren bazkide estrategiko eta nagusi izan behar du nazioarte mailan, 2000ko EB-Mexiko Merkataritza Hitzarmenaren eguneratzearekin. Eta, Europako Batasunaren eta Mexikoren arteko harreman ekonomiko eta komertzialen sakontze horretan, euskal herritarrok eta gure enpresek abangoardian egon behar dugu, duela hogei urte egon ginen bezala”, gaineratu du Burzakok.

PARTEKATU