Ortuzar: “Euskadin inbertitzeko dauden beharrei emango dioten erantzunaren araberakoa izango da Estatuko Aurrekontu Orokorrei emango diegun babesa”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Pedro Sánchezen Gobernuari eskatu dio “giro politiko egokia” sortzea, zentsura mozioa babestu zuten alderdien arteko akordioa ahalbidetzera begira
15 Urtarrila | EBB

“Aurrekontuen Proiektuak Euskadirentzat jasotzen duena baloratzen ari gara une honetan, eta hori izango da Aurrekontuetan izango dugun inplikazioa baldintzatuko duena; Euskadin inbertitzeko egiten diren eskariei eta dauden beharrei erantzun diezaietela, Euskal Agenda deritzogunari,alegia”. Horixe izan da Andoni Ortuzarrek eman duen erantzuna EAJ-PNV Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorrak hurbilago edo urrunago babestetik ote dagoen galdetu diotenean, Espainiako gobernuak atzoko bilkuran Diputatuen Kongresuan aurkeztu zituenez geroztik.

RNEren ‘Las Mañanas’ irratsaioan, Ortuzarrek erlatibizatu nahi izan du proiektuak, momentuz, Euskadiko inbertsioaren %8ko beherakada jasotzea. “Seguruenik, inbertsioa murritzagoa baldin bada, hori da iaz %33 igo zelako. Gainera, horietako inbertsio asko urte askotarako dira. Baina, berriro esango dut, Aurrekontuak zehatz-mehatz aztertuko ditugu.Lehenengo eta behin, ikusi egingo dugu aurreko akordioetan hartutako konpromisoak betetzea jasotzen den eta konpromiso horiek Aurrekontuen testuan eta zenbakietan jasotzen ote diren; eta, gainera, guztiz ezinbesteko jotzen ditugun beste partidak eta inbertsioak ere negoziatzeko asmoa daukagu. Euskadi oso erkidego industrializatua da, beharrizan asko ditu berrikuntza arloan, teknologian, enpresen nazioartekotze arloan, logistika azpiegituretan, eta abar”, baieztatu du. Jeltzaleen buruak, hori bai, deitoratu egin du Gobernu sozialista oso “geldo eta zuhur” ari dela aurreko akordioak betetzeko orduan, eta hori ezin da izan. “Inbertsioekin ezin gara horren geldo joan, esate baterako AHTren kasuan, Euskadin 20 urteko atzerapena daramagularik. Inbertsio horiek atzeratzen badira, ez da egin beharrekoa egiten eta ez da akordioa betetzen. Oso zorrotzak izango gara aurreikusita dauden gauzekin eta adostuko ditugunekin, akordio horietarako inbertsioak eta beren betepena sasoiz eta behar den eran bete daitezen”.

Horrela gertatu ezean, Ortuzarrek ez du baztertu EAJ-PNVk Kontuei osoko zuzenketa aurkeztu ahal izatea. “Adierazi dugu negoziatzeko prest gaudela,baina, kontuz, ez dezagun gaia nahastu eta argudioari ez diezaiogun buelta eman . Hemen Aurrekontuak aurrera ateratzeko erantzukizuna dutenak dira Gobernua eta Gobernua babesten duen Alderdia, eta ez Gobernuan ez gauden alderdiak. Inork ezin digu txeke zuririk eskatu. Inork ezin digu eskatu, era akritikoan eta negoziaketarik gabe, guk idatzi ez ditugun Kontuak besterik gabe ontzat ematea. Beraz, Gobernuari dagokio orain aurrerako urratsak ematea”. EBBko presidenteak berretsi du legealdiak aurrera egin lezakeela 2019an Aurrekontuak onartu gabe ere. “Guk Aurrekontuen onarpena ez dugu ezinbesteko jotzen legealdiarekin aurrera jarraitzeko. Iazko aurrekontuak ez ziren horren txarrak eta, izan ere, gaur egungo luzapena nahiko ona da eta Gobernuari lasai asko gobernatzea ahalbidetuko lioke, gai zehatzak Diputatuen Kongresura eramanez, han, denon artean, behar besteko akordioak ados ditzagun”. Akordio horiek lortzera begira ere ezinbestekoa izango da Kataluniako alderdien laguntza, eta gai horri buruz ere galdetu diote Ortuzarri. “ Nik argi daukat Kataluniako alderdi soberanista bakar batek ere ez lukeela begi onez joko gaur egun Andaluzian gertatzen ari dena Estatuan gertatzea. Baina Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko erantzukizun gorena proposatzen dituen Gobernuarena da, Aurrekontuak besterik negoziatzen ez dituzten alderdiekin akordioak adosten dituelako,edo beste alderdiei Aurrekontu horietara hurbiltzea ahalbidetuko dieten giro politikoa sortzeko gai delako. Kataluniako auziari dagokionez, nire ustez, Estatuko Gobernuari dagokio giro politiko hori sortzea eta Kataluniako parteari dagokio, errealista izanez, urratsak ematea. Parte biek izan beharko lukete giro hori sortzeko gai”.

EAJk eskuindarren balizko ardatz batekin kolaboratuko ote lukeen galdetuta, Ortuzar argi bezain sendo mintzatu da. “Argi izan dugun gauza bat da guztiekin hitz egiten dugula, baina guri Voxekin hitz egitea eta, batez ere, adostea, ia ezinezko egiten zaigu. Tradizio politiko erabat demokratikotik gatoz. Beti egon gara balore demokratikoen alde, gizartearen aurrerakadaren alde, aurrerabidearen alde… eta Vox alderdian justu kontrakoa antzematen dugu, Euskadirentzat eta EAJrentzat oso gogorra izan zen iraganera itzultzea litzateke. EAJ urte luzetan izan zen debekatua eta jazarria, gaur egun Vox denaren ahaide ideologikoek eragindako erbestaldia pairatu zuen”.

PARTEKATU