OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal izango dituzu bereizmen handian.
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, mezu garrantzitsu bat helarazi nahi izan dio euskal gizarteari, Espainiako politika zarata, irain eta desadostasunez jositako ikuskizun lotsagarri bihurtu duten alderdiak Euskadira etorriko direlako apirilaren 28ko Hauteskunde Orokorretarako “boto baliagarri” gisa aurkezteko ahalegina eginez. “EAJ erabakigarria izan da eta da Madrilen. Bost botok sekula ez dute horrenbeste balio izan, sekula ez dute Herri honentzat horrenbeste lortu: Kupoaren eta Ekonomia Itunaren akordioa, Abiadura Handiko Trenerako inbertsioak edo pentsioen igoera. Bai, pentsioak, gaur, alargunen eta pentsiodunen borondate ona manipulatu nahiko duten arren, errealitatea delako, hile bukaeran, EAJk lortu zuen igoera baino ez dutela jasoko. Ez Podemosek, ez Bilduk ezta PSOEk ere: EAJk baino ez zituen izan Gobernuari pentsioen igoera exijitzeko ausardia eta indarra; eta lortu egin genuen. Adierazpen eta manifestazio asko, baina hemen euskal hiritarren eta pentsiodunen interesen alde egin duen bakarra EAJ izan da”, baieztatu du Ortuzarrek. Jeltzaleen buruak gaur goizean hitz egin du Arka Plazan, Vitoria-Gasteizko udalerako eta Arabako Batzar Nagusietarako hautagaitzak aurkezteko egin den ekitaldian. Ortuzarrekin batera, bertan izan dira Gorka Urtaran alkatea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Livia Lopez Euskadiko hiriburuko udalerako hautagaia.
Ortuzarrek “lotsagarri” jo du Espainiako politikaren gaur egungo egoera “nork baino nork astakeria handiagoa botatzeko borroka giroan”. Zentzugabekeria honen azken kapitulua izan da aste honetan Senatuan PPk bultzatu duen ekimena, Euskadira eskuduntza gehiago ez transferitzea eskatzeko. “Legearen aitzindariek erabaki dute Estatutua eta Konstituzioa bete ez daitezen… lasai asko geratu dira. Eta Alfonso Alonso lotsagarri geratu da. Antzezpen lotsagarri honetatik irteten saiatzeko eman dituen azalpenak zentzugabekeria politikoaren antologia dira”, esan du Euskadiko PPk 1993an `Zubia Txostena´ izenekoaren alde bozkatu zuela gogoratu baino lehen. “Mayor Orejarekin uste genuen okerrago ezin gintezkeela egon… Baina bain egon ahal dela. PP honekin are okerrago egon gintezke”, jarraitu du jeltzaleen buruak, eta Alonsok eta Iñaki Oyarzabalek Senatuko antzezpen lotsagarrian egin dutena kritikatu du. “Eta Maroto?, Non dago Maroto? Gasteiz eta Arabako gaietarako, guztiz desagertuta dago. Bere lurralde naturala Colon Plaza da. Eta, gainera, kanpainan etorriko dira Araba defendatzen dutela esanez. Estatutuari uko egiten dionak; Euskadik bere eskuduntzak izaterik nahi ez duenak; Gasteizetik baino, Madriletik goberna gaitzatela nahi duenak, ez du euskal hiritargoaren babesa merezi. Gera daitezela Madrilen, handik ibiltzea gustatzen baitzaie”, baieztatu du.
`Popularren´ zentzugabekeriaren aurrean, Ortuzarrek argi eta garbi azaldu du EAJ-PNVk eragiteko duen gaitasuna eta Madrilen nola baliatzen duen. “Gu Madrilera goaz baina etxera itzultzen gara eta motxila beteta ekartzen dugu Euskadirentzako proiektu, inbertsio eta hobekuntzekin”, esan du. Eta amaitzear dagoen legealdi honetan, EAJ-PNVk lan egin du “gurea den guztia eman diezaguten, Estatutuan jasotzen diren eskuduntzak; Estatuak egin beharreko inbertsioak egin ditzan, gureak direlako - esate baterako, Abiadura Handiko Trena , Gasteizera lur azpitik sartuko dena-; Estatuaren mende dauden eskuduntzak Euskadiko erakundeen ardurapean egon daitezen-besteak beste Forondako aireportuko 24 orduko zerbitzua-. Eta horiek guztiak martxan daude EAJ erabakigarria izan delako eta delako politikan, Euskadin eta Madrilen. Bost botok sekula ez dute horrenbesteko balioa izan”, baieztatu du iragan apirilean EAJ-PNVk Gobernu zentralari pentsioen igoera orokorra atera ziola aldarrikatu baino lehen. “Madriletik boto baliagarriaren kontu horrekin matraka ematen hasiko dira, baina gogoratu behar zaie Euskadin eraginkorra izan den bakarra izan dela EAJren jarduna, Madrilen egon den euskal influentzia bakarra EAJrena izan dela, azken lau urteotan Herri honentzat ezer positiboa ekarri dugun bakarrak EAJkoak izan garela. Eta hori dena argi geratu behar da egia delako. Boto baliagarriaren kontuarekin etorriko dira, kanpaina polarizatzen saiatuz. Hori ez da euskal hiritarrok egin behar dugun galdera. Galdera da. Nork ordezkatuko ditu gure interesak Madrilen? Nork defendatuko gaitu? EAJ baino ez da izango”, baieztatu du.
Amaitu baino lehen, Ortuzarrek hitz egin nahi izan die “beren borondaterik onenarekin” A-28an nori bozkatu ez dakitela dauden euskal hiritarrei. “Gogoan al duzue Zapateroren kanpaina? Bera ere bazen eskuindarrekoak geldiaraziko zituen bakarra. Zer gertatu zen? Zapaterok porrot egin zuela, aurreikuspen guztiak urratu zituela eta azken hilabeteotan guk ekin behar izan geniola, EAJk, gauzak okerrera joan ez zitezen. Eta duela hiru urte, askok eta askok erabaki zuten Rajoyren kontra egitea eta Podemosen alde bozkatzea. Eta nik galdetzen dut: zertarako balio izan dute Podemoseko euskal hautetsiek? Ezagutzen al duzue horretako baten izena? Gogoan al duzue Euskadi hobetzeko Madrilen ezer egin dutenik? Galdera horien erantzuna ezetza da. Eta hori baino paradoxa handiagoa dena: erabakigarriak gu izan ginen PP Gobernutik kanpo uzteko. Hemen, EAJ-PNV! EAJ eraginkor eta indartsua Madrilen, Euskadirentzako emaitza onak eta euskal gizartearentzako hobekuntzak ekartzeko”, amaitu du.
Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkate eta berrautaketarako hautagai jeltzaleak bere lantaldearen kualitateak nabarmendu ditu: “prest dago, bikaina, erakargarria eta adimentsua da, ilusioa eta esperientzia uztartzen ditu, hori delako hiriak behar duena”. Urtaranek era berean baieztatu duenez “hiriak jakin badaki fidagarriak garela, hurbilak, entzuten eta aditzen duen jendea. Eta gu gara hiriarentzat proiektu argia dugunak, 2025 urterako Estrategia”, gaineratu du.
“Ezkerreko eta eskuineko muturreko mugimenduen aurrean, Euskadiko, Arabako eta Gasteizko gobernuetan EAJren zentralitatea da hiriarentzako aukerarik onena. Gasteizek gobernu egonkorra behar du, arduratsua, hitz egiteko gaitasuna izango duena eta erakunde eta alderdi politiko guztiekin adosteko gai izango dena”, baieztatu du Gorka Urtaranek.
Bere aldetik, Arabako ahaldun nagusi eta berrauketarako hautagai Ramiro Gonzalezek bere hitzaldian azpimarratu du bere gobernuak azken lau urteotan egin duen lana. “Araba gaur egun lehen baino oparoagoa da, enpresa eta enplegu gehiago ditu eta langabezia erdira jaistea lortu dugu,%16tik % 7,39ra. Araba aukerez betetako herrialdea da orain. Hori da azken lau urteetako lanaren emaitza”.
Zentzu berean, bere gobernuak abian jarritako proiektu batzuk ekarri ditu gogora, arabarrak “duela lau urte baino hobeto bizitzea” ekarri dutenak, besteak beste Forondako aireportua berreskuratu izana eta zuntz optikoa Araba osora zabaldu izana, “horrek kokatu gaitu Estatuko lehenen artean eta Europako lehenen artean”, nabarmendu du. Era berean aipatu du lan egingo dutela Araba Europako hego-mendebaldeko nodo logistiko nagusienetakoa izan dadin. Eta berean, argi utzi nahi izan du oraindik asko egin behar dela, berarekin aurkeztuko den lantaldeak Araba “inork baino hobeto” ezagutzen duela eta herrialdeaz “benetako pasioa sentitzen dutela” .
Amaitzeko, Ramiro Gonzalez kezkatuta agertu da Araba ere Estatuan agertu diren populismoekin kutsa litekeelako. “Ezinbesteko dugu horien aurrean babestea, eta lanarekin, kudeaketa eraginkor eta zorrotzarekin, elkarrizketarekin eta akordioarekin baino ez da lortuko herri hobea eraikitzea”, amaitu du.
OTSAILAk 24 | Hitzaldia
2019.02.24. ANDONI ORTUZAR. Vitoria-Gasteiz