Cerdanen tramarekin EAJk zerikusirik ez duela esan du Aitor Estebanek eta "erabat gezurtatu" du zentsura-moziorako elkarrizketetan Estatuko karguak izendatzea eztabaidatu zenik

T5-ko La Mirada Crítica saioan egin dioten elkarrizketan, EBBren presidenteak ukatu du atzo UCOk argitaratutako txostenean aipatutako goi-karguduna ezagutzea; ustez, EAJk karguan mantentzea eskatu zuena. “Ez diot inolako zentzurik ikusten”, esan du
19 Azaroa | Kongresua

Telecincoko La Mirada Crítica saioan egin dioten elkarrizketan, EBBren presidenteak argi hitz egin du, eta “erabat gezurtatu” du EAJk 2018an, PSOErekin, zentsura mozioaren harira izan zituen elkarrizketetan ministerioetako karguetarako izen ezberdinak aipatu izana. “Oso zuzenean parte hartu nuen hartan eta elkarrizketa horietan ezerk ez du zerikusirik honekin (izendapenekin). Erabat gezurtatzen dut”.

Hain zuzen ere, Estebanek ukatu egin du Javier Cachón Ingurumen Ministerioko goi-karguduna ezagutzen duenik, UCOren txostenean aipatzen dena, EAJk karguan mantentzea eskatu zuela esanez. “Euskadirekin zerikusia duten gai asko negoziatu eta hitz egin behar izan ditut Trantsizio Ekologikorako Ministerioan, eta ez dakit jaun hau (Cachón) nor den”, esan du. “Logikoena litzateke, hori horrela balitz, une batzuetan jaun honekin tratua izatea, baina nik ez dut ezagutzen. Ez diot inolako zentzurik ikusten honi”, gaineratu du.

UCOren txostenak aipatzen dituen beste bi izendapenez galdetuta, ustez EAJrekin zerikusia izango luketenak, Estebanek argi  bezain sendo hitz egin du: “Ez ADIFen ez SEPIn ez dut Gobernuko goi-kargudun bat ez den inor ezagutzen. Irmotasun osoz diot”.

Era berean, Estebanek ziurtatu du EAJk, gai honetan bezala bere jarduera politiko guztian, “gardentasunez eta argi” jokatzen eta jokatuko duela. Izan ere, hala jardun du gaur goizean esandako elkarrizketa horretan.

Azkenik, EBBko presidenteak PPk eginiko “kalifikazio zatarrak” aipatu nahi izan ditu, EAJri ustelkeria leporatu baitio. “Kopeta behar da hau egiteko. Nahikoa da. Izan ere, PP beti ari da inori errua leporatzen inolako frogarik izan gabe. Egin du, gainera, Almeriako diputazioko PPko presidentea atxilotu duten egun berean.

 

PARTEKATU