ERCk, EH Bilduk, EAJ-PNVk, BNGk, Konpromisek, Més per Mallorcak eta Comuns taldeak Eleaniztasuna eta Herritarren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Lege Organikoaren Proposamena aurkeztu dute. Asmo handiko erreforma horren helburua da gaztelania Estatuko erakundeen benetako funtzionamenduan pribilegio egoera batean jarri duen desoreka historikoa zuzentzea.
Hitzarmena sinatu duten taldeek gogoratzen dutenez, Konstituzioak hizkuntza-aniztasuna onartu arren, 3.3 artikuluko babes-agindua ez da modu eraginkorrean gauzatzen, eta ofizialtasun bikoitza zigortzen duten arauek eta praktikek bere horretan jarraitzen dute.
Legegintzako proposamen honen helburu nagusia da bermatzea edozein herritarrek balia dezakeela botere judizialeko organoekin, erakunde konstituzionalekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eta balio juridiko osoz harremanetan jartzeko duen eskubidea. Horretarako, hizkuntza-gaikuntzako betebehar argiak ezartzen ditu justizian, funtzio publikoan eta kontratazioan, eta tresnak ematen ditu hizkuntza aukeratzeko eskubidea errespetatzen dela ziurtatzeko.
Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak ekimena aurkezteko orduan kritikatu duenez, Espainiako estatuak Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna sinatu zuen arren, lan handia dago egiteko: "Ez da bermatzen hizkuntza bat baino gehiago dugunok biak erabili ahal izatea Estatuko Administrazioaren zerbitzuetan. Herri guztietako hizkuntza guztiak errespetatzea eta bermatuta egotea nahi dugu".
Erreformaren ardatzak
Erreformaren ardatzen artean nabarmentzen dira Justizia Administraziorako neurriak— hala nola gaztelania ez den hizkuntza ofiziala duten erkidegoetan plazak eskuratu ahal izateko berezko hizkuntza jakiteko baldintza edo itzulpenik gabeko dokumentu judizialen baliozkotasun osoa —, bai eta administrazio-prozedurak eta plataforma digitalak hizkuntza ofizial guztietara erabat egokitzea ere. Ekimenak zeharkako hizkuntza-irizpideak ere jasotzen ditu kontratazio publikoan, eta funtsezko eremu sektorialak arautzen ditu, hala nola kontsumoa, segurtasuna, garraioa edo ikus-entzunezko komunikazioa, non nabarmen indartzen baita gaztelania ez diren hizkuntza ofizialen presentzia eta erabilera.
Hezkuntzaren eremuan, legeak ezartzen du autonomia-erkidego bakoitzeko berezko hizkuntza komunikazio-hizkuntza izan ohi dela, ikasleek oinarrizko hezkuntza amaitzean hizkuntza hori eta gaztelania menderatzen dituztela bermatzeko. Talde sustatzaileen arabera, neurri horrek aukera-berdintasuna indartzen du eta lurralde osoan hizkuntza-gaitasun orekatua ziurtatzen du.
Azkenik, ERC, EH Bildu, EAJ-PNV, BNG, Comunes, Compromís eta Més per Mallorca taldeek azpimarratu dute proposamenak jauzi kualitatiboa ematen duela hizkuntza-ondarearen babesean eta eskubideen bermean, hitz hutsezko aitortzatik Estatuko hizkuntza-errealitatea erabat errespetatzen duen eleaniztasun eraginkor, operatibo batera.