Gaurkoa lako egun esanguratsuan, Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 50. urtemuga bete dela, erregimen frankista eta eragin zituen sufrimenduak jasan zituen belaunaldia omendu eta aintzatetsi nahi izan du EAJ-PNVk. Presidente duen Aitor Estebanen bidez egin du, gainera, “hitz bereziak” izan baititu klandestinitate garaiko EAJ hura osatzen zuten pertsonentzat eta sasoi hartako egitura politikoari laguntza eskaintzen ziotenentzat.
Sabin Etxean egin den prentsaurrean eta Maribel Vaquero Kongresuko bozeramaile jeltzalea ondoan izan duela, EBBren buruak ziurtatu du diktadorearen heriotzaren mende erdia igaro dela, oraindik “gauza askok ezkutuan“ jarraitzen dutela “sekula kontatu ez direnak”, “ bai eta bere horretan mantendu den oinarria ere”. Bere hitzetan, horiek guztiek ulergarri egiten dituzte egun ultraeskuineko mugimenduek gizartean lortu duten indarra eta gazteen sektore batek erregimen autoritarioen inguruan erakusten duen jarrera. “Gauza asko daude aldatzeko, eta Estatuak benetan demokrazian sakontzeko asmoa badu, honi guztiari heldu behar dio, argia eta argitasuna emanez”, esan du Estebanek oraindik indarrean jarraitzen duen Sekretu Ofizialen Lege frankistari erreferentzia eginez.
Hain zuzen ere, Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile Maribel Vaquerok azaldu du datorren astean, Espainiako gobernuari kontrola egiteko bilkuran eta presidenteari galderak egiteko txandan, Pedro Sánchezi galdetuko diola oraindik argitu gabe jarraitzen duen kasu zehatz baten inguruan; Mikel Zabalzaren heriotza, zeinaren gorpua Bidasoa ibaian agertu baitzen Guardia Zibilak atxilotu eta egun batzuetara. Datorren asteazkenean, azaroak 26, 40 urte beteko dira, hain zuzen, Donostian atxitua izan zenetik eta, beraz, bizirik ikusi zuten azken egunetik.
Vaquerok esan du hauxe dela Informazio Klasifikatuaren Lege berriarekin argitu ahal eta behar den kasuetako bat, zeinaren aurreproiektua iragan uztailean onetsi baitzuen Espainiako gobernuak. Hala ere, Junts-ek Gobernu zentralaren proiektuen aurrean erakutsi duen arbuioaren aurrean, Euskal Taldeko bozeramaileak planteatu du talde jeltzaleak aurkeztu zuen Lege Proposamena aintzat hartzea, aldi honetan tiraderan gordeta egon dena : “Gure proposamen bat dago, betorik jaso ez duena. Hari heltzeko eta izapidetzeko eskatzen dizugu”.
Halaber, Gobernuari gogoratu dio legerik gabe ere agiri batzuk argitara ateratzea erabaki lezakeela eta, ondorioz, kasu honi buruzko agiriak desklasifikatzea erreklamatu dio: “Ezinbestekoa da, demokratikotzat eta zuzenbidezkotzat jotzen den Estatu batean duela urte asko gertatutakoen inguruko sekreturik ez izatea, Estatuaren segurtasuna arriskutan jartzen dela argudiatuz. Ez dugu ulertzen Mikel Zabalzari buruzko egiak Estatuko segurtasun nazionala nola kalte dezakeen. Borondatea behar da, eta familiak benetan gertatu zena ezagutzea”.