Europako Parlamentuko osokoak gaur bertan, ostegunarekin, EAJ-PNVren babesarekin eskatu du desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko 2021-2030 aldirako europar estrategia eguneratzea, lan merkatuan, etxebizitzan, osasunean edo hezkuntzan aurkitzen dituzten oztopoei eta Europan oraindik diren hutsuneei aurre egiteko.
“Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen aldeko estrategiaren eguneraketak hiru elementu barne hartu behar ditu: etxebizitza irisgarri eta eskuragarria, enplegu inklusibo baterako europar estrategiaren bidez, eta finantzaketa. Garrantzitsua eta funtsezkoa da Europar Funts Soziala babestea eta ekonomia sozial eta solidarioa zaintzea. Gizarte inklusibo bat eraikitzen jarraitu behar dugu, eta horretarako behar dira desgaitasuna duten pertsonek egunero aurkitzen dituzte oztopoei aurre egiten laguntzeko ekimenak martxan jartzea”, defendatu du eurodiputatu jeltzaleak.
Desgaitasuna duten pertsonen enplegu tasa murriztera begira, osokoak onetsi duen txostenak proposatzen du Enplegu eta Konpetentzien Europar Bermea sortzea, Europar Batasunak finantzatua, adin-mugarik gabe, eta Gazte Bermea bezalako ekimenetan oinarritua, etengabeko prestakuntza eta hezkuntzarako sarbideak hobetzeko neurriez gain. Eurodiputatuek era berean erreklamatu dute Europar Batasun osorako “desgaitasunaren” definizio bat onartzea, desgaitasuna duten hiritar guztiek eskubide berberak izan ditzaten, bizi diren lekuan bizi direla.
Azkenik, eurodiputatu jeltzaleak onetsi eta babestu duen agiriak ildo beretik erreklamatzen ditu diskriminazioa borrokatzeko neurriak, bereziki emakume eta neskatoena, eta prestakuntza eta hezkuntzarako sarbideak hobetzea, kirolean, garraioan eta teknologia digitaletan irisgarritasuna hobetzeaz gain. Europako Parlamentuaren datuen arabera, 2024an EBn 87 eta 107 milioi pertsona artean zeuden desgaitasunen bat zutenak.