Euskal taldeak osoko zuzenketa aurkeztu dio desgaitasunari eta mendekotasunari buruzko legeen erreformari

Talde jeltzaleak uste du proiektuak autonomien eskuduntzak inbaditzen dituela eta ez dituela bermatzen sustatzen dituen zerbitzuen finantzaketa
Euskal taldeak osoko zuzenketa aurkeztu dio desgaitasunari eta mendekotasunari buruzko legeen erreformari
27 Azaroa | Kongresua

Euskal Taldeak osoko zuzenketa aurkeztu dio desgaitasunari eta mendekotasunari buruzko legeak erreformatzeko  Lege Proiektuari. Bi arrazoi eman ditu, eskuduntza autonomikoak inbaditzen direla eta sustatzen dituen zerbitzuetarako finantzaketan antzeman dituen gabeziak.

Testuak bi lege modifikatzen ditu. Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta beren gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren modifikazioak neurri handi batean eta aurrekontu fasetik zuzendu ditu eskuduntzen alorrari dagozkion gai batzuk. Hala ere, Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko Legeari dagokionak modifikazioak aurreikusten ditu asistentzia sozialaren alorreko zerbitzu eta prestazioetan, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskuduntza esklusiboak baitira.

“2006ko legeak eztabaida handi bat eragin zuen eskuduntzen inguruan, eskuduntza autonomiko esklusiboa den gai bat arautzen zuelako, non Estatuak berezko eskuduntzarik ez duen. Jatorrizko lege hura ez da oraingo modifikazioarekin zuzentzen, hain zuzen ere areagotu egiten da,  estatuaren aldetik araudiaren garapenaren hainbat alderdiri eragiten dieten esku hartze nabarmena aurreikusten duelako”, azaltzen da zuzenketan. Hala, gaitzetsi egiten da proposatutako testuan jasotzen direla, besteak beste “zerbitzuak jasotzeko baldintza bereziak eta prestazio motak”.

Beste alde batetik, Gobernuaren Lege Proiektuak “aurrekontuaren igoera argia inplikatzen du, prestazioen katalogoa handitzeagatik, aldaketara moldatu beharragatik eta zerbitzuen eta prestazioen arteko bateraezintasunak baliogabetzeagatik”. Hala ere, neurri horien eragin ekonomikoa ez da  memorian behar bezala jaso, ezta ere Estatuko Administrazioari dagokion finantza-konpromisoa; izan ere, aldatzen duen legearen 32. artikuluak zehazten du zer erantzukizun duen prestazio horiek kofinantzatzeko.

Horregatik guztiagatik, Euskal Taldearen jarrera, osoko zuzenketak jasotzen duen bezala, “Proiektua izapidetzen jarraitzearen aurkakoa da, uste baitu mendekotasuna duten pertsonen eskubideak zabaltzeak eta indartzeak autonomia-erkidegoen eskumenak errespetatu behar dituela eta legegintza-neurriak hartu aurretik behar adinako azterketa ekonomikoa egin behar dela bermatu behar duela”.

Ondorengo estekan irakur daiteke Euskal Taldeak aurkeztu duen osoko zuzenketa: labur.eus/f9x0m8ko

 

PARTEKATU