Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak nabarmendu du “aintzat hartzen eta balioesten duela” Alemaniako Errepublika Federaleko presidente Frank-Walter Steinmeierrek Gernikan barkamen eskea adierazi izana. “Egun esanguratsua da, aspalditik espero genuena. Keinuren bat eskatzen zen Alemaniaren aldetik. Luze jo du baina beharrezkoa da”, esan du. “Gernikak ordezkatzen ditu planetako hainbat tokitan egin diren basakeria eta bidegabekeriak”, gogoratu du Espainiako errege Felipe VI.a bisita honetan “laguntzaile gisa” etorri izana deitoratu ondoren.
Gernikako hilerriaren aurrean eta bertan izan diren hedabideen aurrean Estebanek esan duenez “Espainiar estatuak barkamena eskatu beharko luke”. “Alemaniako presidenteak ez dauka zerikusirik Alemania naziarekin, eta Espainiar Estatuko burutza hor dago Trantsizio baten ondoren, eta ez apurketa baten ondoren, Alemanian gertatu bezala. Aurreko erregimenak, Francorenak, ezarri zuen monarkia, eta Trantsizioari bide eman zion erregimenak onartu behar izan zuen”, azaldu du.
“Alemaniak, erregimen naziarekin zerikusirik ez duten presidente eta Gobernua izanik, keinu hau egin badu, ez dugu ulertzen Espainiako erregea Gernikara etortzea eta barkamen eske berbera ez egitea”, azpimarratu du. “1981eko azken bisitaren ondoren Erregea Gernikara badator, zerbait eskaintzeko izan behar da”, amaitu du.