Oihane Agirregoitiak argitasuna exijitu dio Europar Batzordeari arau digitalak berrikustean

EAJ-PNVko eurodiputatuak Europako Batzordearen presidenteorde Henna Virkkuneni adierazi dio sinplifikatzea beharrezkoa dela, baldin eta pertsonen eskubide eta pribatutasuna errespetatzen badira
Oihane Agirregoitiak argitasuna exijitu dio Europar Batzordeari arau digitalak berrikustean
04 Abendua | Europako Legebiltzarra

“Ulertzen dugu sinplifikatze digitalerako aurkeztu duzuen multzoa testuinguru global baten barruan aztertu behar dela, non lehiakortasuna galdu  den, fidagarri ez diren kideekiko mendekotasuna ematen den eta testuinguru teknologikoan Europak berezko ahalmen produktiborik ez duen. Argi izateko eskatzen dizuet eta argi utz dezazuela Europaren lehiakortasuna hobetzeko dela, pertsonen eskubideak  beti errespetatuko direla eta  erabilera okerren aurrean gure zaurgarritasun ez dela areagotuko.

Halaxe hitz egin dio Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak Henna Virkkunen Europar Batzordearen presidendeordeari, iragan azaroaren 19an proposatuta Adimen Artifizialari eta datuen babesari buruzko legeen berrikusketaren inguruan asteazkenean egin zen eztabaidan. Batasuneko Gobernuak atzerapen bat aurreikusten du Adimen Artifiziala arrisku handiko arloetan erabiltzeari buruzko arauak indarrean sartzeari dagokionez eta aldaketa batzuk planteatzen ditu datuen babesari buruzko araudian, burokrazia murrizteko, marko malguago bat sortzeko eta berrikuntza sustatzeko.

Virkkunenek proposamenok defendatu ditu Europako Parlamentuko Industria batzordean egin den eztabaidan. Agirregoitiak bertan galdetu dio EBk arlo teknologikoa sustatzeko aurreikusten duen finantzaketaz eta Europan burujabetza estrategikoa lortzeko aurreikusten den epeaz. “Argi dago Europak ez duela behar beste inbertitu, Txina eta AEBrekin alderatuta, eta horregatik gaude gauden moduan”, ohartarazi du Agirregoitiak 

Eurodiputatuari eman dizkion erantzunetan azpimarratu du teknologietan inbertitu beharra “Adimen Artifiziala, kuantika, semieroaleak, zibersegurtasuna eta espazioko teknologiak, funtsezko jotzen baititugu” burujabetza teknologikoa lortzeko. “Baikorrak gara lehiakortasunari eta burujabetza teknologikoari dagokionez. Hobera egingo dute, indartu egingo dira hemendik eta urte batzuetara”, erantzun du presidenteordeak, eta 2030 urtea azpimarratu du esparru estrategikoetan burujabetza teknologikoa lortzeko epemuga gisa. Era berean iragarri du Europako Batzordeak datorren urtean balantzea egingo duela orain arteko aurrerapen teknologikoak ebaluatzeko eta “non gauden ikusteko” .

PARTEKATU