“Shock betean dagoen Gobernua ikusten dugu, gainera erori zaion guztiari irmotasunez erantzuten ez dakiela”, ziurtatu du Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok gaur, ostiralarekin, Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan. Vaquerok bertan hitz egin du PSOE Alderdiaren inguruan argitaratu diren ustezko ustelkeria kasuez, baina baita “alderdi horren barruan eman diren salaketez” ere: “ matxismo salaketak izan dira, bost hilabeteren buruan ebazten jakin ez dutenak. Zauriari gatz gehiago botatzea bezalakoa da”. Azken finean “Iparra galduta dabilen Gobernua ikusten dugu, nolabait esatearren gidaritza hartu gabe eta erantzuten ez dakiela”.
Vaquerok Euskal Taldetik eskatu du “irmotasunez eta gardentasunez” erantzutea “egunero ateratzen ari diren albisteei”. Baina, era berean ohartarazi du talde jeltzalearentzat garrantzitsua dela “lasaitasunez “erantzutea: “Askotan, edonola eta arin batean erantzutea ere ez da ona izaten, bakoitzari dagokion erantzukizunagatik. Bost diputatu gara Kongresuan , erantzukizunez lan egin nahi dugu, Diputatuen Kongresuan egun dugun panorama politiko tristea gehiago nahastu gabe”.
Esan du Euskal Taldeak “koherentziaz” jokatuko duela, orain arteko marra gorriei jarraiki, baina ildo beretik aitortu duenez eguneroko albisteek “oso zail egiten dute edozein proiekturi heltzea, gaiak politikan jorratu behar diren konfiantzarekin”
“Legegintzaldia gero eta arrisku handiago batean dago”, adierazi du Vaquerok, eta esan du hauteskundeak deitzeko botoia Sánchez presidenteak berak izan arren, ez daki “egun duen krisi honetan noraino eutsi ahal izango dion”: “Dagoeneko ez da bakarrik proiektuak ateratzeko orduan Kongresuan duen konfiantza krisia, baizik eta bere alderdian zabaltzen ari den arrakala, nire ustez, emakumeek sexu jazarpenagatik aurkeztu dituzten salaketengatik”.
Euskal Taldeak, edozein kasutan, PSOErekin hitzartuta daukan inbestidura akordioari begira jarraituko du legegintzaldia amaitu arte”. Gauzatzea nahi dugu”, esan du Vaquerok; hain zuzen ere “aurrera egin den arren, bete gabe jarraitzen dute transferentzia batzuek, eta Sánchez presidentearen aldetik inplikazio handiagoa nahi dugu ministerioen barruan ordena jartzera begira eta akordioa toki onera irits dadin” .