EAJ-PNVren Aberri Estatutu berriak onetsi ditu IX. Batzar Nagusiak, militantzia sendotu eta aktibatzera begira

IX. Batzar Nagusiak bigarren eta azken bilera egin du gaur Gasteizen, lehen saioa martxoan, Donostian, egin ondoren. Batzar horretan, talde jeltzaleak bere barne antolakundearen funtzionamendua birformulatu du, arinagoa, irekiagoa eta eraginkorragoa izan dadin
EAJ-PNVren Aberri Estatutu berriak onetsi ditu IX. Batzar Nagusiak, militantzia sendotu eta aktibatzera begira
13 Abendua | EBB

EAJ-PNVren IX. Batzar Nagusiak EAJ-PNVren Aberri Estatutu berriak onartu ditu gaur, Gasteizko Europa Jauregian, militantzia indartzeko eta aktibatzeko, antolakunde jeltzalearen barne-funtzionamendua birformulatuz.

EBBk bere gain hartu zuen Donostiako Atano III pilotalekuan iragan martxoan egindako IX. Batzar Nagusiaren lehen saioan adierazi zitzaion agindua, eta lehen zirriborroa egin zuen "Erakunde demokratiko bat" txostenean oinarri hartuta. Alderdikide jeltzaleek, barne organoen berritze prozesuan egin zuten bezala eta Alderdiaren barne demokrazia baliatuz 1.000 zuzenketa aurkeztu zizkioten proiektuari. Zuzenketa horiek uri-, lurralde- eta aberri-erakundeetan eztabaidatu dira azken hilabeteotan. Zuzenketen %70 onartu eta transakzio bidez adostu dira. Batzar Nagusiak gaur berretsi du onetsitakoa.

Aberri mailan egin den eguneratze prozesu honen helburu nagusienetakoa zen Alderdiarekiko komunikazioa areagotzea eta alderdikideei parte hartzeko bideak eta moduak hobetzea, militantzia arinago eta eraginkorrerako erraztasunak emateko, egungo errealitatera egokituz eta prozesu horietan digitalizazioa txertatuz. Aldaketa asko sartu dira Aberri Estatutuetan, eta lehen pausu honek bide emango du garapen erregelamenduetan eguneratze prozesuarekin jarraitzeko.

Estatutu berrituetan, 59.bis artikuluan ezartzen da, EBBk proposatuta eta Aberri Batzarrak onartu ondoren, zuzeneko kontsulta ez-lotesleak egin ahal izango direla alderdikideek gai jakinei buruz duten iritzia ezagutzeko. Sistema hau erregelamendu bidez zehaztuko da, eta kontsulta horiek telematikoki egiteko aukera jasoko du.

Gainera, eta parte hartzeko eta komunikatzeko bideak zabaltzeko asmoz, "Alderdizaleak" entitatea sortu da, 20. artikuluan jasoa, EAJ-PNVrekin lotura izan nahi duten jarraitzaileen figura aurreikusten duena, zeinekin harreman-mekanismo desberdinak ezarriko baitira. Era berean, "udalerriz gaindiko buru batzarren artekoa" deritzon figura sortu da 25 bis artikuluan. Aukera emango du hainbat udalerriren arteko buru batzarren arteko bat sortzeko, hala nola eskualde, bailara edo kuadrilla batean, eskualde mailan udalerrien artean eman ohi den elkarlana kontuan hartuta, esaterako.

Estatutu berrietan jasota dago lurraldeetako buru batzarrak eta Euzkadi Buru Batzarra berritzeko prozesuak laburragoak izango direla. 105. artikuluak jasotzen duen bezala, prozesu hauek, gehienez ere, 30 eguneko epe barruan egingo dira.

EAJk aldatu egin du, halaber, estatutuen printzipio orokorretan bere antolakundea definitzeko testua. Hala dio: “EAJ-PNVk honelaxe definitzen du bere burua: euskal alderdi abertzale eta euskalduna, demokratikoa, parte-hartzailea, plurala, akonfesionala, gizatiarra, europazalea, belaunaldien artekoa, askotarikoa, berdinzalea eta inklusiboa, aurrerabideari eta gizakiaren onerako diren zibilizazioaren aurrerapen guztiei irekia”.

Era berean, printzipio orokorretan, eta azken hilabeteetako euskara biziberritzeko prozesuaren aurkako epai judizialek eragin duten kezkaren aurrean honela jaso da Estatutuetan: “EAJ-PNVk euskara du euskal hizkuntza nazional, eta erantzukizun nazionala eskatzen du hura normalizatzeko; normalizazio horren oinarriak euskal herritarren hizkuntza-eskubideen babes eta bultzada izan behar du. Horra jo behar dute EAJ-PNVn erantzukizun publikoak eta barne-erantzukizunak dituzten pertsonek. EAJ-PNVk bere egiten ditu hizkuntza-normalizazio eraginkorraren printzipio gidariak: euskararen aldeko ekintza positiboa, euskaldunen berezko hizkuntza, minoritarioa eta gutxitua, eta progresibitatea, beharrezkoa baita euskal gizartearen komunikazio-hizkuntza izan dadin”.

18. artikuluak Berdintasun Plana eta indarkeria matxistaren eta gorroto-arrazoien aurkako plana arautzen ditu, eta ezartzen du EAJ-PNVk une oro eguneratuta izango dituela Berdintasun Plana, laneko jazarpenaren, sexu-jazarpenaren eta/edo sexu-orientazioagatiko jazarpenaren aurkako protokoloa eta indarkeria matxistaren aurrean jarduteko protokoloa. Barne-prozesuetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateari dagokionez, %40ko gutxieneko proportzioa eta %60ko gehieneko proportzioa 100. artikuluan ezartzen dira.

Alderdi barruko organo betearazle bateko kide izateko bateraezintasunei dagokienez, bateraezintasunak ezin izango zaizkie kendu Euzkadi Buru Batzarraren %45i baino gehiagori. Lurralde Buru Batzarren kasuan, lurralde bakoitzeko alderdikide kopuruaren arabera haztatuko da, 1.499 alderdikide arteko lurraldeetan portzentaje hori %60koa izango da; 1.500etik 4.999ra bitarteko lurraldeetan %50ekoa; eta 5.000 pertsonatik gorakoetan %45ekoa.

Azkenik, 3. artikuluan jasotzen da EAJ-PNVren anagrama berdetik gorrira doala, degradatua kenduta, eta logotipoak beltza izaten jarraitzen duela.

EAJ prest dago Euskadiren eraldaketarako lan-tresna eta motor nagusia izaten jarraitzeko.

PARTEKATU