Aitor Esteban: "Lanean jarrai dezagun militantzia bizkarrezur dugula, euskal hiritargoa izateko arrazoi eta Euskadi helburu"

Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak amaiera eman dio gaur EAJ-PNVk Gasteizen EAJ-PNVren Aberri Estatutuak onartzeko egin duen IX. Batzar Nagusiaren bigarren saioari, eta bertan adierazi duenez “PSOEk eguneroko albisteen jarioa geldiarazi ezean, Espainiako presidenteak seriotan planteatu beharko du hauteskundeak noiz deituko dituen”
13 Abendua | EBB

“EAJ-PNV ez zen zaratarako sortu, baizik eta ibilbide luzea egiteko. Alderdi honek jakin daki herriak ez direla egun batetik bestera eraikitzen, baizik eta tantuz tantu, belaunaldiz belaunaldi. Eta gaur, guri, tantu hau jokatzea dagokigu. Lasaitasunez egingo dugu, uste sendoa dugula, harrotasunez. Aurrekoen eskarmentua lagun dugula, atzetik datozkigunen energiarekin. Militantzia bizkarrezur, hiritarrak izateko arrazoi eta Euskadi helburu dugula. Ez dugu lasterbiderik proposatuko, ezta zentzurik bako keinurik ere. Guk lana, konpromisoa eta erantzukizuna hitzematen ditugu. Beti eta etengabe, egia esaten jarraituko dugula, batzuetan deserosoa izan arren. Hitzematen dugu gobernatuko dugula batzeko, zaintzeko eta aurrera egiteko. Alderdi hau herriaren zerbitzura dagoen tresna izan delako, delako eta izaten jarraituko duelako. Eta Euskadik behar gaituen bitartean, hor egongo da EAJ, oinak lurrean sendo, begirada luzearekin eta bihotzean herri hau. Jarrai dezagun, beraz, elkarren eskutik aurrera egiten. Jarrai dezagun herrigintzan, egunez egun, zaratarik barik, beldurrik gabe. Ezin gara etorkizunaren zain egon, etorkizuna landu egiten da”. Horixe izan da EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Estebanek EAJ-PNVren IX. Batzar Nagusiaren itxieran, Gasteizen, bidali nahi izan duen mezu nagusia.

Estebanen diskurtsoak eman dio amaiera alderdi jeltzalearen IX. Batzar Nagusiari, gaur bertan Gasteizko Europa Jauregian egin baitu bere bigarren saioa, militantzia sendotzea eta aktibatzea helburu izango duten Aberri Estatutuak onartzeko. Lehen bilkura Donostiako Atano IIIan martxoan egin zen eta bertan aukeratu zuten Aitor Esteban EAJ-PNVren EBBko presidente.

Estebanek gaurkoa aprobetxatu du urtearen balantzea egiteko. “Euskadi martxan dago inprobisazioetan erortzen ez den Alderdia dagoelako”. “Zerbait egin dugu ondo, hiritargoaren zoriontasunaren indizea 7’7ra iritsi denean. (…) Funtzionatzen duen herria eraikitzearen ondorioa da, martxan dagoen herria, Herri fidagarria”, azpimarratu du. Halaber, azaldu du EAJ-PNVk onartu eta aurre egiten diela planteatzen zaizkion erronkei, Etxebizitza Lege berriaren onarpenarekin edo segurtasunarekin hitzeman duen konpromisoarekin erakutsi bezala “hiritargoari errealitatea argi eta garbi azalduz, estridentziarik gabe” eta “arazoei helduz neurri polizial eta sozialekin”.

EBBko buruak ildo beretik aipatu du Espainiako gobernuaren egungo egoera azken atxiloketen ondorioz eta goi kargudunen “jarrera matxista” agerian geratu dela: “Areagotu besterik ez da egiten legealdiaren nekea eta giro gaiztotua. Eskandaluen jario hau kezkagarria eta etsigarria da. Horri lotzen badizkiogu aurrekontuak ateratzeko ezintasuna eta Kongresuko etengabeko ezetza, boto gurutzatuari esker noizean behin onartzen den legeren bat kenduta, esan dezakegu legegintzaldiak ez duela itxura onik. Albisteen jario honekin jarraitzea, atxiloketekin eta auziperatzeekin, ezin da luzarorako kontua izan legegintzaldia amaitu arte geratzen den urte bete eta erdian. PSOEk eguneroko albisteen jarioa geldiarazi ezean, Espainiako presidenteak seriotan planteatu beharko du hauteskundeak noiz deituko dituen. (…) Odolustea amaitu edo hauteskundeak deitu. Eta ez guk diogulako edo besteek esango dutelako. Beste aukerarik ez dagoelako baizik. Hilabete batzuk iraun  ditzake, baina ez urte bete eta erdi: Ez da serioa”.

Estebanek mezu zuzena bidali dio PPri: “Sánchez makal dagoela, PSOE sufritzen, agendaren kontrola galdu duen Gobernua, Estatuko Fiskal Nagusia kondenatuta, tresneria mediatiko osoa beren zerbitzura, eta ez da alternatiba izateko gai! Pentsatu beharko lukete zergatik ez ote duten beren inguruan gehiengo bat batzea lortzen. Ez da benetako oposizio eraikitzaile gisa ari. Penagarria. Eta ez daitezela gure begira jarri. Egin dutenarekin eta erakutsi duten jarrerarekin, hor ez gaituzte aurkituko. Ez behintzat horrela eta konpainia horiekin”. “Borroka ez da EAJren jokamoldea, eta ez da izango. Hori ez da gizartea eraikitzeko modua. Ez politikan ezta sindikatuen aldetik. Ez da gure moldea”, esan du.

Azkenik, “ezker abertzalearen seme bien artean, GKS bihurriaren eta Ernairen artean odol garbiena zein den ikusteko azken aldian ikusten ari garen norgehiagoka horretan”, Estebanek esan du “Ernai EH Bilduren baimenarekin ari dela . “GKS Ernairi kideak kentzen ari dela ikusita, bigarrenaren erantzuna izan da ekintzak egiten hastea pankartetan ituak jarriz eta gure Herriaren sinbolorik bereizgarriena gordetzen duen erakundea bandalizatuz. Nostalgiaren kanpaina, EH Bilduren baimenarekin egina”, deitoratu du.

PARTEKATU