EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarra gogo betez agertu da gaur 2026an aurrekontuak izango ditugula jakin ondoren, Eusko Jaurlaritzaren kontuak ez eze hiru foru aldundienak ere onetsi direlako. “Arabak bukaera bikaina jarriko dio hiru lurraldeetan emango den dinamikari”, esan du EBBren idazkari Maitane Ipiñazarrek gaur bertan Sabin Etxean eman den prentsaurrean. Burukide eta legebiltzarkide jeltzaleak nabarmendu duenez “erakutsi da politika egiteko modu bat dagoela, elkarrizketan eta negoziaketan oinarritua, eta Alderdiaren interesen gainetik hiritarren interesak jartzen dituena. Gehien behar duguna funtzionatuko duten erakundeak izatea baita, areago Espainiar eta Frantziar estatuetan ematen ari den ezegonkortasun-egoera ikusita. Martxan dauden erakundeak, hiritargoak behar dituen politika publikoak gauzatzeko baliabideak izango dituztenak, hiritarren arduretan zentratuz, betiere”. Akordio bidezko politikarekin ere, EAJ-PNVk erakutsi egin du “zentralitatean” kokatuta dagoela, “hiritargoaren gehiengoak propiotzat hartuko duen zentralitatea”, esan du. Ipiñazarrek ildo beretik azpimarratu du Alderdi gisa ere “lanak eginda” amaituko dutela urtea, Gasteizen eginiko IX. Batzar Nagusian EAJ-PNVren Aberri Estatutu berriak onetsi zirela gogoratuz.
Espainiako gobernuko presidente Pedro Sánchezek gaur urtearen balantzea egiteko eskaini duen agerraldiaz, bestalde, EBBren idazkariak esan duenez “ez digu kezka argitu. Oin puntetan igaro da PSOEren egungo gaiaren gainetik; ia ezer gertatuko ez balitz bezala eta argudio modura ´zuk gehiago´ esapideari eutsiz”. “Gobernuaren agendaz ere ez ditu zalantzak argitu; ez dakigu zer egin nahi duen ezta zer bide hartuko duen. 2025an Gobernuak eginikoaren errepasoa egin du, iragarpen arranditsua, hori bai, baina ez du etorkizunaz hitz egin”, amaitu du.