Europar Batasunean abortu seguru eta eskuragarria eskatzeko ekimenak aurrera egin du Euroganberan, EAJ-PNVren babesarekin

"Ekimenak ez du ezein herrialdetako legedia aldatuko, haurdunaldia borondatez etetea lortu ezin duten 20 milioi emakumeek modu seguruan egin ahal izatea bermatuko baitu", adierazi du Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzaleak
Europar Batasunean abortu seguru eta eskuragarria eskatzeko  ekimenak aurrera egin du Euroganberan, EAJ-PNVren babesarekin
17 Abendua | Europako Legebiltzarra

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak "Nire ahotsa, nire erabakia, abortu seguru eta irisgarri baten alde" izeneko ekimena onartu du gaur, asteazkenarekin. Ekimen horrek elkartasunerako borondatezko mekanismo bat sortzea eskatzen du Erkidegoko funtsekin, emakumeek Europar Batasun osoan abortu legal eta seguru bat eskuratu ahal izateko. Horrela, herrialdeek, beren legeria nazionalaren arabera, mugaz gaindiko laguntza eskaini ahal izango liokete arreta hori EBko beste herrialde batzuetan modu seguruan eta legalean jaso ezin duen edozein emakumeri.

Eskaera EBn 1,2 milioi sinadura bildu zituen herritarren ekimen baten emaitza da. Ekimen horrek abortua sexu- eta ugalketa-eskubideen parte gisa defendatzen du, eta EBko herrialde batzuetan sarbidea mugatzen duten legezko oztopoak eta praktikak ezabatzea du helburu, abortu ez-seguruak murrizten laguntzeko eta emakumeek eskubide berberak dituztela bermatzeko.

"Ekimen honek ez dio inori eskubiderik kenduko, ezta legerik aldatuko ere. Gaur egun Europar Batasunean abortu seguru eta eskuragarria izateko eskubidea ez duten emakumeei laguntza finantzarioa emango die. Nola liteke XXI. mendean, 2025. urtean, Europan 20 milioi emakume egotea haurdunaldia borondatez eteteko eskubiderik ez dutenak? Ezin dugu beste aldera begiratu. Bozketa hau garaipen handia da mobilizatu diren pertsona guztientzat eta osasun-arreta unibertsalaren parte ere izan behar duela aitortzeko", adierazi du Agirregoitiak.

Europako eta mundu osoko emakumeen eskubideen alorrean eta genero-berdintasunari dagokionez eman den inboluzioa salatzen du testuak, osasunean eta sexu- eta ugalketa-eskubideetan izandako atzerakada barne, eta kezka adierazten du EBko zenbait herrialdetan dauden oztopo "juridiko eta praktikoengatik". Eurodiputatuek beren politikak erreformatzeko eskatu diete herrialde horiei, giza eskubideen nazioarteko arauen ildotik, eta genero-berdintasunaren eta giza eskubideen aurkako mugimenduak gaitzesteko. Orain, Europako Batzordeak 2026ko martxora arteko epea du eskaerari erantzuteko proposamenak egingo dituen ala ez jakinarazteko.

PARTEKATU