Ezkutu soziala alokairuko etxebizitza bat duten jabeentzat ere zabaltzea eskatu dio Euskal Taldeak Espainiako Gobernuari

Talde jeltzaleak Sanchezen Gobernuari eskatu dio neurri hori sar dezala urtea amaitu baino lehen neurri ekonomikoei buruz onartzea aurreikusten duen Lege Dekretuan, "Estatuarena delako egoera ahulean dauden pertsonei bizitegi-alternatiba bat eskaintzeko erantzukizuna"
Ezkutu soziala alokairuko etxebizitza bat duten jabeentzat ere zabaltzea eskatu dio Euskal Taldeak Espainiako Gobernuari
22 Abendua | Kongresua

Kongresuko Euskal Taldeak Espainiako Gobernuari eskatu dio utzarazpenaren kontrako neurrietatik alokairuko etxebizitza bakar bat duten jabeak salbuesteko. Ministroen Kontseiluak bihar onartuko baitu neurri horiek jasotzen dituen Lege Dekretua. Hala, jeltzaleek ezkutu soziala kolektibo horri ere zabaldu nahi diote, izan ere, ez ordaintzearen erantzikuzuna jabeek hartzen dutelako bere gain administrazioek eskaini beharko luketenean alternatiba bat egoera ahulean dauden pertsonei.

"Ezkutu sozial bikoitza eskatzen dugu, azken batean, jabeak ere babesteko, ez baitira kontuan hartzen ari neurri hauek planteatzeko orduan eta horrexegatik batzuetan jabeak ahultasun egoeran aurkitu daitezke Estatuak inposatutako ez ordainaren ondorioz", laburbildu du Maribel Vaquero bozeramaile jeltzaleak.

Proposamen honek alokairuaren merkatua bultzatzeko beharrari ere erantzuten dio, oso murriztuta baitago, eta horrek prezioen garestitzea dakar. "Orain arte etxebizitzaren inguruan bultzatutako neurriek alokairuaren eskaintza atzeratzeko baino ez dute balio"; izan ere, etxebizitzak merkatura ateratzen dituzten herritar askok ikusten dute nola hartu behar dituzten beren gain arrotzak zaizkien kalteberatasun-egoerak. Arriskuaren aurrean, jabe horiek, herritar langileek, euren etxebizitzak ez alokatzea erabakitzen dute, edo abalik ez duten edo epe luzerako kaudimen ekonomikoa bermatzen ez duten familiei alokatzeari uzten diote", azaldu du. "Horrela, familia kalteberak merkatutik kanpo geratzen dira, eta horixe saihesten saiatzen gara".

Vaquerok Gobernuari aurpegiratu dio, halaber, dekretu berean gizarte laguntzak eta egoeraren araberako laguntzak Kongresuan gehiengoaren babesa izan dezaketen beste egiturazko gai batzuekin nahastea, hala nola pentsioen igoerarekin, familia-prestazioekin, Gizarte Segurantzako kotizazioen hobekuntzekin edo Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) luzapenarekin, baita Euskadin aplikatzekoak ez diren beste neurri fiskal batzuekin ere.

"EAJ-PNV beti dago behar dutenen alde, Eusko Jaurlaritzaren edo foru-aldundien politikek argi erakusten duten bezala, non aurrekontuaren erdia, Gipuzkoan bezala, zaintzara, inklusiora eta mendekotasunera bideratzen den. Herri baten erabaki politikoa da hau, inor atzean ez uztea. Baina populismorik gabe eta egoeraren arabera egin behar da", bukatu du bozeramaileak.

PARTEKATU