Oihane Agirregoitia: "Gaur egun NATO da gure segurtasun esparrua, baina Europa gehiago eta Estatu Batuak gutxiago behar ditugu"

EAJ-PNVko eurodiputatuak, Donald Trump-i kritika gutxi egitea eta Groenlandiarekiko enpatia gutxi izatea deitoratu dio Mark Rutte-ri, Aliantza Atlantikoko idazkari nagusiari, Renew Europe taldeak astearte honetan antolatutako Europa 2026 Foro Globalean
Oihane Agirregoitia:
13 Urtarrila | Europako Legebiltzarra

"2026. urte hau nazioarteko albisteekin zerikusia duen asaldura handiarekin hasi dugu. Horregatik da hain garrantzitsua Renew Europeren lehen mintegi hau; segurtasunaren arloan protagonismo handia duelako eta Mark Rutte (NATOko idazkari nagusia) bertan izan delako. Uste dut oso argi geratu dela kezka handia dagoela Donald Trumpen jokabide, jarrera eta adierazpen guztiekin". Honela adierazi da astearte honetan Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatuak, NATOko idazkari nagusiaren parte hartzea izan duen 2026ko Europako Foro Globalaren esparruan. Bertan izan da baita Miren Martiarena Euzkadi Buru Batzarreko kanpo harremanetarako arduraduna.

Konferentziak segurtasuna eta demokrazia izan ditu ardatz, eta bi eztabaida-panel izan ditu: lehena, defentsari eta segurtasunari buruzkoa, eta, bigarrena, demokraziari buruzkoa. Demokrazia, Justizia, Zuzenbide Estatua eta Kontsumitzaileen komisario den Michael McGrathek itxi duen topaketan, EAJ-PNV barne dagoen Europako Parlamentuko taldeak balio demokratikoen babesarekin eta segurtasuna indartzearekin duen konpromisoa nabarmendu da, batez ere, nazioarteko ordena txikitzen ari diren praktika autoritarioen gorakadaren aurrean.

"Gaur egun, gure segurtasun-esparrua NATO da. Badirudi interes argia dagoela erakunde horren barruan Europa indartzeko baina, zalantzarik gabe, gero eta Europa gehiago eta gero eta Estatu Batuak gutxiago izanik”, adierazi du eurodiputatu jeltzaleak komunikabideen aurrean.

Agirregoitiak azaldu duenez, parte-hartzaileek "galdera oso zuzenak" egin dizkiote Rutteri Groenlandiari burututako Estatu Batuen balizko inbasio bati buruz edo Aliantza Atlantikoak Europako segurtasun eta defentsarako zutabea sendotzeko izan dezakeen paperari buruz. “Erantzunak saiheskorrak eta errepikakorrak izan dira. Artikoko segurtasunarekiko kezka eta konpromiso handia adierazi du, baita eragindako estatu guztiekin nola lan egin nahi den ere” baina “Donald Trumpengan kritika gutxi edo batere ez izan du, eta Groenlandiako herria sentitzen ari denarekiko enpatia gutxi", deitoratu du.

PARTEKATU