Aitor Esteban, EAJ-PNVren EBBko presidentea, urtarrilaren 27an Bruselara bidaiatuko da Europako askotariko eragile politiko eta instituzionalekin bertan batzartzeko. Topaketa horiek prestatzen joateko, Esteban Miren Martiarena eta Markel Olano Euzkadi Buru Batzarreko burukideekin eta Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalearekin izan da Renew Europe alderdiak Bilbon 16 sektore industrialetako euskal klusterrekin egin duen lan bileran, bertatik bertara haien aldarrikapenak ezagutzeko. Hau izan da askotariko klusterrekin egin den lehen lan bilera eta bertan ordezkatuta egon dira besteak beste Elikagaien sektorea, Osasuna, Mugikortasuna, Automozioa eta Klima .EAJ-PNVren asmoa da halako saioak egiten jarraitzea.
Hedabideei eginiko adierazpenetan Estebanek baieztatu duenez “Europa eraldatzen ari da ziurgabetasun handiz bizi dugun momentu honetan”, ondorioz “Euskadik ekarpena egin dezake Europa berri horren sorreran, gure industria eta gure gizartea onik atera daitezen”. “Beharrezkoa da aurrea hartzen jakitea eta Euskadiri mesede egingo dioten egoerak proposatzea eta eragitea. Europan presente egon behar dugu eta eragile garrantzitsutzat har gaitzatela. Gaurko ondorioak Bruselan izango ditudan bileretan adieraziko ditut”, esan du.
“Hauxe da une egokia. Europa berri hori nola eraikitzea nahi dugun azaldu behar dugu; Euskadi nola kokatzea nahi dugun eta gure industriari eta, azken batean, gure gizarteari mesede egiteko, erregulazioak, urratsak eta erabakiak nola nahi ditugun", amaitu du.
Datozen egunotan emango dira xehetasunak Aitor Esteban urtarrilaren 27an Bruselan izango duen agendaren inguruan.