EAJ-PNVk "oso balorazio ona" eman dio atzo Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Transferentzien Batzorde Mistoan sinatutako akordioari. Horren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu langabezia-prestazioen eskumenak, Gizarte Segurantzaren prestazio ez-kontributiboak, itsas salbamendua, eskola-asegurua eta Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentroa.
EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren idazkari Maitane Ipiñazarrek adierazi duenez, "46 urte igaro ondoren, urrats garrantzitsuak ematen ari gara gure Estatutua osorik betetzeko, eta horrek, azken batean, gure autogobernua eta ongizatea areagotzea esan nahi du". Ildo beretik gogorarazi duenez Gernikako Estatutuak "ia mende erdi darama osorik bete gabe, Espainiako Gobernuko presidenteak Estatutua osatzeko epeak hitzeman eta sinatu zituen arren, dagoeneko gaindituta daudenak. Hala eta guztiz ere, oso zaila izan da Batzorde Mistoaren azken bilera hau egitea eta aurreikusitako bost eskumenen transferentzia adostea. Horren lekuko izan zarete. Erresistentzia asko gainditu behar izan arren, irmo eutsi diogu: akordioak betetzeko daude, eta aurreikusitako baldintzetan betetzeko. Ez dugu gehiago eskatzen, ezta gutxiago ere".
Ipiñazarrek azpimarratu du, halaber, "Estatutua osorik betetzeko unea dela", eta Espainiako Gobernuari erreklamatu dio "negoziatzeko modu hori alda dezala, egiteke dauden eskumenekin modu ordenatuagoan eta lasaiagoan funtziona dezagun. Borondate politikoa baino ez da behar". "Estatutua oinarrizko zutabea da Euskadirentzat. Tresna horrek ematen du kudeaketa hurbila egiteko aukera, zuzenean eragiten du gure ongizatean, eta oraindik baditu arakatu gabeko ahalmenak“, argitu du EBBren idazkariak.