EAJ-PNVk poz handiz hartu du gaur Kirol Arbitrajeko Epaimahaiak hartu duen erabakia, Euskal Pilota Selekzioaren ofizialtasunari eustea ebatzi baitu. TASek adierazi du berak ez duela jurisdikziorik Espainiako Pilota Federazioak Euskal Pilota Federaziotik kanporatzeko aurkeztutako apelazioa ebazteko.
EAJ-PNVk 2022ko urrian lortu zuen Kirolaren Estatuko Legeak aitortzea autonomia-erkidegoetako kirol-federazioek nazioarteko lehiaketetan zuzenean parte har lezaketela "dagokion autonomia-erkidegoan historian eta gizartean errotuta dauden kirol-modalitate edo -espezialitateen kasuan, edo, bestela, federazio autonomikoa nazioarteko federazio bateko kide izan bazen dagokion Espainiako federazioa eratu aurretik". EH Bildu abstenitu egin zen lege horren bozketan.
Lege-aldaketa haren ondoren, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren (FIPV) Batzar Nagusiak 2024ko abenduan erabaki zuen Euskadiko Pilota Federakuntza-Federación de Pelota Vasca de Euskadi (EEPF-FPVE) izenekoa federazioan sartzeko eskaera bideratzea. Euskal Pilota Selekzioak 2025eko ekainean egin zuen debuta txapelketa ofizialean, Gernikan, eta ordutik hona pilotariak daude Euskadiko elastikoa jantzita eta nazioarteko txapelketa ofizialetan ikurrinarekin desfilatzen.