Aitor Esteban Bruselara bidaiatuko da asteartean, Euskadi-Europa agendan urratsak ematen jarraitzeko

EBBren burua bertan batzartuko da, besteak beste, Apostolos Tzitzikostas Garraio komisarioarekin, eta Teresa Ribera Trantsizio gaietarako komisario andrearekin; Renew Europe parlamentuko taldeko presidente Valérie Hayerrekin, EUropako Alderdi Demokrataren idazkari nagusi Sandro Gozzirekin, ALDE Partyren presidente andre Svenja Hahnekin eta Segurtasun eta Defentsa gaietarako batzordeko presidente andre Marie Agnes Strack-Zimmermannekin
Aitor Esteban Bruselara bidaiatuko da asteartean, Euskadi-Europa agendan urratsak ematen jarraitzeko
22 Urtarrila | EBB

Jeltzaleen burua ere izango da Europako parlamentuak Holokaustoaren biktimen omenez egingo duen bilkura solemnean, eta hedabideen galderei erantzungo die 13:00etik aurrera.

EAJ-PNVren EBBko buru Aitor Estebanek lan-jardunaldi luzea izango du datorren asteartean, urtarrilak 27, Bruselan, jeltzaleen Euskadi-Europa agendan aurrera egiteko urratsak ematea baitu helburu. Joan den astean 17 euskal klusterren ordezkariekin izandako bileran haien aldarrikapenak ezagutu ondoren, EBBko presidentea Bruselan batzartuko da Europa mailako eragile politiko eta instituzional esanguratsuekin, hala nola komisarioekin, talde parlamentarioetako eta erakunde politikoetako presidenteekin eta Europako Parlamentuko kideekin. Bilera horietan Estebanekin batera izango dira Miren Martiarena kanpo harremanetarako burukide arduraduna eta Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalea. Halaber, eta Sabino Arana Fundazioaren presidente Arantxa Tapiarekin batera, ordezkaritza jeltzaleak parte hartuko du europar eskualdeek Europan duten zeregina jorratzeko egingo den mahai-inguruan. Horixe izango da Fundazioak Estatutik kanpo egingo duen lehen ekitaldia.

Esteban Teresa Ribera presidenteorde exekutibo eta Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako komisarioarekin eta Apostolos Tzitzikostas Garraio Jasangarri eta Turismoko komisarioarekin batzartuko da Berlaymonten, Europako Batzordearen egoitzan. Gainera, Europako Parlamentuan, jeltzaleen ordezkariak Valerie Hayer Renew Europe taldeko presidentearekin, Sandro Gozzi Europako Alderdi Demokratako idazkari nagusiarekin, Svenja Hahn ALDE Partyko presidentearekin, Marie Agnes Strack-Zimmermann Segurtasun eta Defentsa batzordeko presidentearekin eta Gerben-Jan Gerbrandy Renew Europeko presidenteordearekin bilduko dira.

Esandako bileretan parte hartzeaz gain, Europako Parlamentuak Holokaustoaren biktimak oroitzeko egingo duen saio nagusian izango da Esteban eta, Europako Ganberatik bertatik, komunikabideen galderei erantzungo die 13:00etik aurrera.

SABINO ARANA FUNDAZIOAREN MAHAI-INGURUA

Azkenik, 19:15ean, Sabino Arana Fundazioak Bruselako Teinassance hotelean egingo du Euskal lurraldetik urrun egingo duen lehen ekitaldia: “Renewing Europe. The regions, key players in the construction of the European Unión” (Europa berritzen. Eskualdeak, Europar Batasunaren eraikuntzarako eragile nagusiak) izenburupean egingo duen mahai ingurua. Ekitaldiari hasiera emateko lehen hitzak esango dituzte Aitor Estebanek eta Oihane Agirregoitiak, Miren Martiarenak moderatzaile lanak egingo ditu eta euren artean ere izango dira Sabino Arana Fundazioaren presidente andre Arantxa Tapia, Irlandako merkataritza eta laneko gaietarako ministro ohi eta egungo europarlamentari Billy Kelleher, D66 alderdiaren ordezkari gisa Herbereetako europarlamentari eta Europako Parlamentuan Erregioen Garapenerako Batzordearen ko-koordinatzaile Raquel García Hermida-Van Der Walle eta Alice Bernard-Montini, Young Democrats entitatearen presidentea (Europar Alderdi Demokratako Gazteak).

PARTEKATU