EAJ-PNVren EBBko presidente Aitor Estebanek gaur ziurtatu du Europa momentu benetan “erabakigarrian” aurkitzen dela gaur egun, Euskadirentzat ere berebiziko garrantzia duena, europar politika barne politikaren parte dela ulertuta. “Europan sinesteko eta Europa egiteko momentua da, eta EAJ-PNVk hor egon nahi du Euskadiren interesek presente egon behar dutelako eta Euskadik eskaintzeko asko duelako”, esan du Europako Parlamentuko korridoreetan, bertan bildu diren hedabideek eginiko galderei erantzunez.
Bileraz eta arduraz beteriko egunean, Esteban Europako Parlamentuan izan da Oihane Agirregoitia eurodiputatuarekin eta Miren Martiarena burukidearekin, eta bertan batzartu dira Renew Europe parlamentuko taldearen presidente Valérie Hayerrekin; Europako Alderdi Demokrataren idazkari nagusi Sandro Gozirekin; ALDE Partyren presidente Svenja Hahnekin, Segurtasun eta Defentsarako batzordearen buru Marie Agnes Strack-Zimmermannekin; eta Renew Europeren presidenteorde Gerben-Jan Gerbrandyrekin. Arratsaldean, berriz, EBBren burua Berlaymonten izango da, Europar Batzordearen egoitzan, eta bertan batzartuko da Zabalkunde komisario Marta Kosekin eta Garraio Jasangarri eta Turismo gaietarako komisario Apostolos Tzitzikostasekin.
Esteban eta ordezkaritza jeltzalea, halaber, Europako parlamentuko bilkura gelan Holokaustoaren biktimak gogoratzeko eta haien omenez egin den bilkuran izan dira. Hain zuzen ere, jeltzaleen buruak gogoeta egin nahi izan du Europako historiaren zati hark ekarri zuen izugarrikeriaren inguruan, eta egungo polarizazio politiko handiko momentuan aldarrikatu ditu EAJ-PNVk defendatzen dituen "elkarrizketarako eta egonkortasunerako" balio demokratikoak, Europarekin batera, euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen dutenak. "Bat egiten dugu elkarrizketaren eta egonkortasunaren balio demokratikoekin; garrantzitsua da Euskadin egitea, garrantzitsua da Europa mailan egitea, eta horixe da gure herritarren gehiengoarekin konektatzen duena", esan du.
Esandako bileretan, EAJ-PNVren EBBko buruak eta ordezkaritza jeltzaleak hizpide izan dituzte Euskadirentzat benetan garrantzitsuak diren gai batzuk, hala nola euskararen ofizialtasuna, Europarekiko trenbide konexioak, Europar proiektuan erregioek duten zeregina Makroeskualde Atlantikoaren sorrerarekin eta politika industrial eta energetikoarekin. Zentzu berean, eta Estebanek berak adierazi bezala “dena zehazteko dagoenean, garrantzitsua da europar erregioek zer toki eta zer zeregin izango duten aztertzea”. Euskarari dagokionez, Estebanek gogoratu du “Europako hizkuntzarik zaharrena” dela, eta “Europak babestu eta defendatu beharko lukeen altxorra” dela aldarrikatu du, PPk europar erakundeetan egin duenaren alderantzizkoa, hain zuzen. "Gaur egun Europan euskara ofiziala ez izatearen errudun nagusia PP da. Horiengatik ez balitz, orain ofizialtasuna indarrean egongo litzateke dagoeneko", deitoratu du. Nolanahi ere, errealitate hori "oso urrun" ez dagoela iragarri du jeltzaleen presidenteak.
Bisitari amaiera emateko, Estebanek hitza hartuko du Sabino Arana Fundazioak Bruselako Reinassance hotelean egingo duen ekitaldian. Fundazioak Euskaditik urrun egingo duen lehen ekitaldia izango da: “Renewing Europe. The regions, key players in the construction of the European Union” goiburupean egingo duen mahai ingurua (Europa berritzen. Eskualdeak, Europar Batasunaren eraikuntzarako eragile nagusiak).