Pentsioen errebalorizazioa babestu arren etxegabetzeen kontrako neurrien inguruan ohartarazi dio Euskal Taldeak Gobernuari: "Sakoneko aldaketak berehala ematea eskatuko dugu"

Idoia Sagastizabal diputatuak Pedro Sanchezen Gobernuari leporatu dio egiturazko eta koiunturazko neurriak dekretu berean nahastu izana, eta "errusiar erruletan jokatzea" egotzi dio, negoziaziorik ezaren ondorioak neurtu gabe
Pentsioen errebalorizazioa babestu arren etxegabetzeen kontrako neurrien inguruan ohartarazi dio Euskal Taldeak Gobernuari:
27 Urtarrila | Kongresua

"Dekretu honetan nahasten dira premiazko eta beharrezko neurriak eta beste eztabaidagai batzuk, dilema faltsu bat behartzeko diseinatua baita: dena multzo berean onartu ezean, pelikulako gaizkilea izango zara. Eta hori ez da, inola ere, adostasuna bilatzea; errusiar erruletaren jokoan aritzea baino ez da, zure onespenarekin gainera. Baina onarpena arriskuan jartzen duena ez da akordioak exijitzen dituena, baizik eta gobernuan dagoena; amore eman nahi ez duelako, dena ala ezer ere ez erabakitzeko derrigorra inposatzen duelako”, aurpegiratu dio Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak Espainiako Gobernuari, gizarte-kalteberatasuneko egoerei aurre egiteko zenbait neurri luzatzen dituen eta zergen eta Gizarte Segurantzaren arloan premiazko neurriak hartzen dituen Errege Lege Dekretuaren eztabaidan.

Diputatu jeltzaleak hala kritikatu du lege-dekretu hau izapidetzeko modua, bai eta dekretuaren edukiaren zati bat, etxegabetzeak etetearen luzapenari buruzkoa. "Neurri hau 2020an sortu zen, pandemia betean, erabateko larrialdi testuinguru batean. Gaur egun, 2026an gaude, sei urte geroago, eta salbuespenezko neurriak luzatzen jarraitzeko eskatzen zaigu, Gobernuak berak datu ekonomiko onak dituela uste duenean: hazkundea Europako batez bestekoaren gainetik, enpleguaren sorrera eta afiliazio-errekorra. Zirt ala zart egin ezazue, etengabeko larrialdian gaude edo testuingurua aldatu egin da. Biak aldi berean ezin dira izan".

Sagastizabalek esan du "beharrezkoa" dela "zaurgarriak babestea", baina azpimarratu du ezin zaiola herritarrei egotzi administrazio publikoei dagokien erantzukizuna: "Espainian, alokairuaren merkatuaren %92 baino gehiago jabe txikien esku dago, eta horietatik % 80 inguruk alokairuko etxebizitza bakarra du. Ez dira putre-funtsak. Ez dira jabe handiak. Familia arruntak dira. Eta bada errazegi ahazten zaigun zerbait, jabe horien artean ere ahultasuna dagoen: alokairu horren mende dauden adinekoak, pentsioa osatzeko, edo hipoteka ordaintzeko, senide bat zaintzeko edo, besterik gabe, hilaren amaierara iristeko diru-sarrera horiek behar dituzten familiak. Beren ahaleginari esker, bigarren etxebizitza bat erosi ahal izan dute, ez espekulatzeko, segurtasun-sare gisa baizik. Jaun-andreok, familia horiek guztiak inoren lepotik bizi al dira? Espekulatzaileak al dira?". 

"Luzamendu honekin babesten da dagoeneko barruan dagoena, baina kanpoan daudenei etxebizitzarako sarbidea gogortzen zaie", azaldu du Sagastizabalek. Horregatik, Euskal Taldeak alternatiba gisa proposatu zuen etxebizitza bakar baten jabeak luzapenetik salbuestea, "ezkutu sozial bikoitza konbinatuz: ordaindu ezin duenarentzako babesa eta etxebizitza merkatuan jarri eta legea betetzen duenarentzako babesa".

Gainera, gaur egun neurri horren babesle gisa aurkezten diren alderdi batzuek, "praktikan, gobernatzen duten lekuetan, justu kontrakoa sustatzen dute: etxebizitza librea, BOE edo etxebizitza tasatua, eta ez dute alokairu eskuragarriaren aldeko apustua egiten", Euskadiko hainbat udaletan gertatzen den bezala.

Bizitoki-alternatibaren bermeei buruzko neurri zehatz hori baztertu arren, Sagastizabalek ildo beretik aurreratu du Euskal Taldea prest dagoela "zenbait gai sakrifikatzeko, baldin eta neurri guztien baturak Euskadiri mesede egiten badio", hala nola pentsioen igoera, argi- eta ur-horniduraren bermea eta bonu soziala, baina Espainiako Gobernuari ohartarazi dio berriro aurkezten badute, jeltzaleek ez dutela babestuko.

Amaitzeko, erantzukizun eta negoziazio gehiago eskatu dizkio Exekutiboari: "Ez ezazue errusiar erruleta honekin jarraitu. Planteatzen diguzuen dilema faltsu honetan gu ez gara gaiztoak. Zuen oportunismo eta taktizismo politikoa kritikatzen ari garenok ez gara behintzat. Begiratu zuen zilborrari, orain bai, hor aurkituko baituzue antagonista, zuen pelikulako gaizkilea”

PARTEKATU