Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak aditzera eman duenez gaur, asteartearekin, Kongresuan bertan behera geratu den eta pentsioen igoera eta ezkutu soziala jasotzen zituen Errege Lege Dekretuarekin gertatu dena “ezin da berriz gertatu”, Gobernuak egiten duen bezala “negoziaketak azkenera eramateak hiritargoa baino ez baitu kaltetzen”, esan du Vaquerok.
“Espainiar gobernua gutxiengo egoeran dago parlamentuan, eta bere alde ez dauka edozer egiteko karta zuririk, batzuetan izango balu bezala funtzionatu arren. Hori ez da jarduteko modua, ez behintzat EAJrekin. Beharrezko jotzen dugu bestelako jarrera bat izatea, eta hala eskatzen diogu Gobernuari”, erreklamatu du Vaquerok.
Bozeramaile jeltzaleak analisi hau egin du bidean datozen negoziaketetan fokua jarriz, gogoan izanik Euskal Taldeak lanean jarraituko duela inbestidura akordioan jasotako konpromisoak bete daitezen eta garrantzi handiko jotzen dituen beste gai lantzen,hala nola migrazioa, osasuna, energia eta segurtasuna.
Migrazio gaietan, migratzaileak erregularizatzeko akordioa hitzartutakoan, Vaquerok Gobernuari eskatu dio Kongresuan “Migrazio Plan Integrala” lehenbailehen aurkez dezala. Etxebizitza gaiari dagokionez, krisi hau era integralean jorratzeko beharra azpimarratu du, adabakiak jartzen ibili gabe, “pitzadura bat estaltzeko ezin baita tirita soil bat jarri” eta esan du “ahultasun bikoitzak” saihestu behar direla. Ildo beretik gogoratu du segurtasun eta osasun alorretan gai batzuk aztertzeke geratzen direla eta azaldu du garrantzi bizikoa dela lan-eskaintza publikoaren birjarpen-tasen gaiari heltzea.