Europako Parlamentuko EAJ-PNVko ordezkari Oihane Agirregoitiak gaur, asteazkenarekin, Rotterdameko portua bisitatu du, Renew Europeren barruan taldekide dituen zenbait eurodiputaturekin batera. Bisitaren helburua izan da Europako nazioarteko merkataritzarako funtsezko jotzen den eta segurtasunaren aldetik kritikoa den azpiegituraren funtzionamendua bertatik bertara ezagutzea.
Bisita hau egin da Europa Konektatu Mekanismoaren txostena egitera begira ( CEF ingelesez) eurodiputatu jeltzaleak Bilboko Portuko instalazioak ezagutzeko egin zuen bisitatik bi aste igaro direla. “Hauxe da Europako itsas porturik handiena; portu industriala, Bilbokoa bezala, eta industrian eta energian oso fokalizatuta, Holandako Gas Natural likidotu guztiaren heren bat bertan gordetzen baita. Bere dimentsioak ere ikusgarriak dira: 3000 enpresa eta 192.000 enplegu daude bertan, bai eta Holandako Barne Produktu Gordinaren %2,9 ere”, baloratu du.
Eurodiputatuak azpimarratu duenez, bisita “oso baliagarria izan da zentro multimodal garrantzitsu hau bertatik berara ezagutzeko, tren bidezko eta errepide bidezko konexio zuzenak baititu Europako barnealdearekin eta oso zeregin garrantzitsua baitu segurtasunaren alorrean, gaur egun nazioartean bizi dugun egoera konplexu eta ezegonkorra kontuan izanik”.
Rotterdameko portuak 12.500 hektareako zabalera du, 91 futbol zelaik hartuko luketena, hain zuzen, kontainerretan Europara sartzen diren elikagai guztien %24 bideratzen du eta ia hirugarren herrialdetara bidaltzen diren elikagaien ia %42. Beraz, Europara sartzeko eta Europatik ateratzeko porturik nagusienetakoa da. Europako itsas porturik handiena den aldetik, bere instalazioak ere lotune kritiko eta estrategiko bihurtu dira segurtasun eta defentsa gaietarako.
Bisitaren lehen zatian, instalazioak itsasontziz bisitatu dituzte. Halaber, segurtasunaren alderditik egoera aldakorra ematen ari delako eta azpiegitura seguru eta sendoak behar direlako, ordezkariek instalazioak garatzeko dauden planei buruzko informazioa jaso dute. Bisitaren bigarren zatian fokua jarri da tren bidezko azpiegituretan eta konektibotasun eta mugikortasun aldetik duten garrantzian. Eurodiputatuek ildo beretik jorratu dituzte halako azpiegituretan segurtasun alorrean planteatzen diren erronkak, mehatxu zibernetikoetatik hasita eta dronen erabilera ere jorratuz, bai instalazioen behaketan bai segurtasun aldetik ekar lezaketen arriskuari dagokionez.