EAJ-PNVk politika erabilgarriaren alde egiten du, eztabaida zakarretik urrun, Euskadiren egonkortasuna bermatzeko

Díez Antxustegik azpimarratu du enplegua, industria, segurtasuna eta etxebizitza izango direla ibilbide-orriaren ardatzak
EAJ-PNVk politika erabilgarriaren alde egiten du, eztabaida zakarretik urrun, Euskadiren egonkortasuna bermatzeko
31 Urtarrila | Eusko Legebiltzarra

EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrean saio-aldi berri bati ekin dio ibilbide-orri argi batekin, egonkortasun instituzionala eta herritarren benetako lehentasunak jomugan jarrita. Batez ere, enplegua eta industria, segurtasuna eta etxebizitza. Hala adierazi du gaur talde jeltzalearen legebiltzarreko bozeramaileak, Joseba Díez Antxustegik.

Ildo horretan, Díez Antxustegik gogorarazi du aurreko ikasturtea Aurrekontuen onarpenarekin amaitu zela —Gobernuaren funtzionamendu egokia bermatzeko tresna nagusia—, eta azpimarratu du “kaleko jendeak aipatzen dituen gaiak Legebiltzarrera eramaten jarraitu nahi dugula”. Era berean, talde jeltzaleak eta Eusko Jaurlaritzak norabide horretan lanean jarraituko dutela ziurtatu du. “Eta zaratatik eta eztabaida zakarretik urrun egingo dugu”, ohartarazi du, “jendeak guregandik espero duena herrialde hau gobernatzea baita, polarizaziotik eta korapiloetatik urrun”.

EAJ-PNVko bozeramaileak kazetarien galderei ere erantzun die PSE-EEko idazkari nagusiaren azken adierazpen publikoen harira. Horri dagokionez, Díez Antxustegik adierazi du “ez gaituela harritzen; Anduezaren kontuak dira, eta ohituta gaude. Azken urtean, buruzagi sozialistak Aitor Estebanekin, Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, Arabako ahaldun nagusiarekin, Bilboko alkatearekin edo Donostiako bi alkateekin egin du, tartean Jon Insaustirekin, iritsi berria denarekin”. “Hori ez da gure politika egiteko modua. Ez dugu zaratarik nahi; gobernatzera eta jendeari benetan axola zaiona erantzutera gaude. EAJ-PNVk argi dauka ez duela inoiz liskarren papera jokatuko. Bakoitzak aukeratu behar du zer rol jokatu”.

PARTEKATU