Kongresuko Euskal Taldeak Espainiako gobernuari ohartarazi dio birplanteatu egin behar duela iragan urtarrilaren 27an Kongresuan bertan behera geratu zen ezkutu soziala, alokairuan etxebizitza bakarra duten jabe txikiak barne hartuz eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei egoitza emateko derrigorretik salbuetsiz, EAJ-PNVk erreklamatu bezala. “Erantzukizun hau ezin da jabe txiki hauen ardurapean egon, Administrazioak lagundu behar die baliabiderik gabe geratu diren pertsonei, baina alokairuan etxebizitza bakarra duten jabeei kalte egin gabe”, defendatu du Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok.
Talde jeltzaleak, joan den abenduan, bigarren etxebizitza alokatua duten pertsonen egoera kontuan hartzeko eskatu zion Gobernuari; neurri hori nahikoa izango zen parlamentuko taldeen arteko adostasuna zabaltzeko eta pentsioen balioa handitzea, Gizarte Segurantzako kotizazioen hobekuntzak, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren luzapena eta babes sozialeko beste neurri batzuk barne hartzen zituen Errege Lege Dekretua babes faltagatik bertan behera gera ez zedin.
"Gobernuak dekretu berri bat izapidetu behar du, alokairuko etxebizitza bakarra duten jabe txikiak neurri horretatik salbuesteko. Behin baino gehiagotan esan dugu, jabe txiki horiek ezin dira jabe handiekin edo putre-funtsekin parekatu. Etxejabeak ere babestu behar dira; Estatuak hala inposatuta, ez ordaintzearen zama beren gain hartzen dutelako", laburbiltzen du Vaquerok.
Talde jeltzaleak behin baino gehiagotan ohartarazi du orain arte aplikatutako neurriek eragin negatiboa dutela alokairuaren merkatuan; izan ere, eskaintza murriztu eta alokairuen prezioa garestitu baino ez du egin, egoera ahulak sortuz, hala nola etxebizitza bat alokatu nahi duten eta aurkitzen ez duten familiena.
“Gure proposamenek benetako egoerei eta errealitate printzipio bati erantzuten diete, eta ez premia ideologikoei, etekin politikoren bat aurkitzearren, ahulak elkarren aurka jartzea besterik ez baitute bilatzen. Populismoek gidatuta egon gabe lan egiteak mesede egiten dio ordezkatzen dugun euskal hiritargoari”, ziurtatu du Vaquerok.