Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak Nafarroaren interesak defendatu ditu gaur Kongresuan, eta Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Ángel Víctor Torresi galdetu dio zer urrats ematen ari diren Foru Gobernuak beken eta I+G+b arloko eskumenen ardura bere gain har dezan.
Bi kontu horiek EAJ-PNVk eta PSOEk 2023ko azaroaren 10ean sinatu zuten inbestidura-akordioan jasotzen dira. "Gure taldeak dagokiona bete zuen. Gure 5 botoek Sánchez jauna egin zuten presidente, legegintzaldiari egonkortasuna emateko, eta, horren truke, PSOEk, eta, beraz, Gobernuak, konpromisoa hartu zuen bi alderdiek publiko egin genuen dokumentu batean jasotako konpromiso jakin batzuk betetzeko", gogoratu du Vaquerok.
Hala, akordio horren 5. puntua irakurri du. Puntu horretan, honako hau aipatzen da: “Hobekuntzan ezarritako eskumenen garapena. Nafarroako Gobernuak negoziazioak hasiko ditu berehala, Estatuak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Espainiako 13/1982 Lege Organikoak Nafarroari aitortzen dizkion eskumenak transferitzeko”, eta horrekin batera “ikerketa, garapen eta berrikuntza arloko” eta «beken arloko» transferentzia gauzatzeko.
Negoziazioak abian jarri ziren arren, Vaquerok Torresi aurpegiratu dio dagoeneko "28 hilabete igaro direla koalizio-gobernu hau eratu zenetik, eta akordioak bete gabe jarraitzen duela"; beraz, Geroa Baik Nafarroan egin duenaren ildotik, "bultzada politikoa eskatu du, hitz onetatik ekintzetara pasatzeko".
Azaldu duenez, Gobernuak konpromisoa hartu du beken transferentzia "26/27 ikasturtean errealitate bihurtzeko": "Gutxi falta da data hori bete nahi bada". Eta I+G+Bren kasuan ere ez da aurrerapen handirik ikusi.