“Alokairuak luzatzeari buruzko dekretuaren bozketan Euskal Taldeak abstentzioa bozkatzea erabaki du formari eta edukiari dagozkion arrazoiak kontuan hartuta”, azaldu du Kongresuan gaur, asteartearekin, Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak. Horiei buruz hitz egitean kritikatu du etxebizitza krisiari ezin zaiola aurre egin behin eta berriz lege dekretuen figura baliatuz: “ez da bilatzen talde politikoen arteko debaterik edo adostasunik. Lege dekretuek ez diote elkarrizketa politikoari laguntzen”.
Ildo beretik gaineratu du dekretua baliatzen dela “aparteko eta premiazko beharra dagoela aldarrikatuz, baina COVID-az geroztik, antzeko neurriak hartu izan dira bat bestearen ondoren, eta hori porrotaren seinalea baino ez da”. Euskal Taldeak denbora darama ohartarazten “etxebizitza krisia koiunturazko edo aparteko bat baino, egiturazko krisia dela”, hori dela eta, Vaquerok azpimarratu du “ epe ertain eta luzerako neurriak” beharko direla “jabeei eta maizterrei segurtasun juridikoa emateko”. “Neurria asmorik onenarekin hartu arren, akordio eta planteamendu integralak behar ditugu”, azpimarratu du.
Edukiari dagokionez, bozeramaile jeltzaleak azaldu du gaur, asteartearekin, arratsaldean bozkatuko den dekretua “Etxebizitza Legeari eginiko zuzenketa “dela eta, beraz, “lege horrekin kontraesanetan sartzen dela eta bere porrota azaleratzen duela”. Hala esan du kontu bi argudiatuz. “Alde batetik derrigortu egiten da dekretu bidez aplikatzera tentsiopeko guneei buruzko irizpideak, autonomia erkidegoentzat aukerazko gai bat denean” eta , bestetik “lurralde osorako egiten da, tentsiopeko diren ala ez begiratu gabe, eta horrek agerian uzten ditu lege honen hutsuneak eragin dituen ondorio kaltegarriak, Euskal Taldeak hasieratik salatu dituenak”.
Euskal Taldea abstentzioaren alde egitera bultzatu duten arrazoiak azaldu ondoren, eta horrek, beste talde parlamentario batzuen botoarekin batera, dekretua bertan behera geratzea eragingo duela aurreikusten denez, Gobernuari eskatu dio lehenbailehen argitzea “alokairu-kontratuaren luzapena eskatu duten maizterrak zein egoeratan geratuko diren”, baldin eta “beren alokairu-kontratua oraindik amaitu ez bada".