Eusko Legebiltzarreko EAJ-PNVren bozeramaileak, Joseba Díez Antxustegik, eta legebiltzarkide eta euskara arloko burukideak, Markel Olanok, gaur aurkeztu dute talde jeltzalearen zuzenketa Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamenari. Proposamen horren helburua da euskara EPEetan babestea, aldi berean prozesuen eta bertara aurkezten diren pertsonen segurtasun juridikoa bermatuz.
Bi ordezkariek azpimarratu dute zuzenketaren helburua dela irtenbide bideragarri eta juridikoki sendo bat ematea, “batzuen inmobilismotik eta besteen maximalismotik urrun”, eta berretsi dute EAJ-PNVk azken unera arte lanean jarraituko duela akordio zabal bat lortzeko, betiere duen zentralitate-posiziotik. Une honetan, talde jeltzaleak lehentasuna ematen dio euskal administrazioaren euskalduntze-sistema blindatuko duen legea aurrera ateratzeari, arrakastatsua izan den eredua baita. Gaur egun, euskal sektore publikoko langileen %90ek hizkuntza-profilen bat egiaztatua du; duela 30 urte, aldiz, apenas heren batek zuen egiaztatuta.
Gaur aurkeztu duten proposamenaren funtsezko elementuetako bat da EPE prozesuetan derrigortasun geroratuaren figura orokortzea; izan ere, mekanismo horrek euskara bultzatzea eta enplegu-prozesuen irekitasuna eta segurtasuna bateragarri egitea ahalbidetzen du. Zehazki, zuzenketak planteatzen du administrazio publikoek hizkuntza-profila duten lanpostuak ezarri ahal izatea, baina profil horren eskakizuna denboran geroratua. Horrela, pertsonek lanpostu horietara sarbidea izango dute hasieran hizkuntza-profila egiaztatu gabe, eta ondoren epe bat izango dute hori eskuratzeko, administrazioak berak beharrezko prestakuntza emateko konpromisoarekin. Jakina, kasu horietan ere euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da.
Gainera, testuak jasotzen du administrazio bakoitzak derrigortasun-indize propioa izan beharko duela, eta horrek zehaztuko du, zorrotztasun handienarekin, zein lanpostuk duten derrigortasun-data eta zeinek ez. Horretarako, proportzionaltasun-irizpideak aplikatu beharko dira, kontuan hartuta lanpostuaren eginkizunak, hizkuntzaren erabilerari lotutako irizpideak eta ingurunearen errealitate soziolinguistikoa. Irizpide horiek gerora onartuko den dekretuan zehaztuko dira. Era berean, desagertu egingo litzateke derrigortasun-indize orokorra, talde jeltzaleak hasieratik proposatu duen bezala, egungo araudiaren elementurik ahulenetako bat baita ikuspegi juridikotik.
Joseba Díez Antxustegik eta Markel Olanok defendatu dute proposamen honek euskara errealismotik eta eraginkortasunetik indartzen duela, haren aurrerabidea bermatuz hautaketa-prozesuak arriskuan jarri gabe eta segurtasun juridikorik gabeziarik sortu gabe. “Proposamen orekatua eta gradual bat da, beste alderdi politikoek egindako ekarpenak aintzat hartzen dituena eta erronka konplexu bati erantzukizunez erantzutea bilatzen duena”, adierazi dute.
Testuinguru horretan, talde jeltzaleak dei egin die alderdi politikoei mugimendu bat egin dezaten euskal administrazioaren euskalduntze-sistema babestu eta bermatzeko proposamena onartzeko. Era berean konpromisoa eskaini die legearen eragina EPEetan elkarrekin epe ertainean ebaluatzeko eta, beharrezkoa bada, hobetzen jarraitzeko.
EAJ-PNVk azpimarratu du bere jarrera malgua eta eraikitzailea izan dela prozesu osoan zehar, beste alderdi politikoen planteamenduak txertatuz eta akordiorako jarrera irekia mantenduz. “Euskadik akordio bat behar du, eta euskarak ere bai. Gai hau garrantzitsuegia da inmobilismoan edo jarrera maximalistetan erortzeko”, ondorioztatu dute.