Mikel Legarda Euskal Taldeko diputatuak gaur bertan, ostegunarekin, gaitzetsi duenez, Global Sumud ontzidiko bi kide, Said Abukeshek eta Thiago Avila, Israeldik mila kilometrora atzeman zituzten nazioarteko uretan, Israelgo Gobernuak jurisdikziorik ez duen uretan, eta "legez kanpo eraman zituzten Israelera, badaezpadako espetxealdian sartuz, eta, gaur egun, atxilotuta jarraitzen dute Hamasekin terrorismoarekin elkarlanean aritzea eta Israelen segurtasun nazionalaren kontra aritzea leporatu baitiete, baina ez diete azaldu, ez haiei ezta haien defentsei, akusazio horiek egiteko arrazoirik".
Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroak Espainiako Gobernuak gai honen inguruan duen jarrera aztertzeko egindako ezohiko agerraldian, Legardak bi ekintzaile hauen atxiloketa zer testuingurutan eman den azaldu du eta, beste behin, herri palestinarrak bere lurraldean aske bizitzeko duen eskubidea defendatu du. "Palestinarrei ezarritako goseteak Europari moralki" interpelatzen diola adierazi du, eta "egoera horri buelta emateko egin beharreko guztiak" egin behar direla gaineratu du.
"Hausnarketa batekin eta desio batekin amaitu nahi dut" esanez amaitu du bere hitzaldia. Hala, bere egin du Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko errelatore bereziak lurralde palestinarrei buruz egindako hausnarketa: "Global Sumud Flotilla izeneko mugimenduaren estrategiak berrikustea eskatu baitu, huts egin duten azken saiakeren ostean, eta zalantzan jarri du Palestinara sartzeko ahaleginen eraginkortasuna, Israelen aldetik atzituak izateko probabilitate handia dagoelako gatazka konpontzeko bidean eragin zuzenik izan gabe". "Performanceak, besterik gabe, ez du funtzionatzen", esan zuen Bruselan, Global Sumudek antolatutako Parlamentu arteko Batzarrean. Azkenik, adierazi du "Israelgo herria bakean eta mehatxurik gabe bizi ahal izatea" nahi duela, eta "palestinar herriak ere bere lurraldean bizitzen jarraitu ahal izatea, giza duintasuneko baldintzetan, estatu bideragarri bat izanda, ez kaosean eta ustelkerian murgilduta, ezta Israelen existentzia bera ukatzen duen erradikalismo islamistaren menpe ere".