Estebanek nabarmendu duenez Le Parti Basque izena egokiagoa da Ipar Euskadin Alderdiaren balore eta ideologia abertzalea ordezkatzeko: “Marka aldaketa honek erantzuten dio Iparraldeko gizartearengana gehiago hurbiltzeko dugun borondateari. Dei bat, zubi bat, gure betiko izaerari eta Alderdi gisa ditugun helburuei eutsiz”.
EAJk Bidarten aurkeztu du gaur goizean Ipar Euskadin izango duen marka berria: Euzko Alderdi Jeltzalea-Le Parti Basque. “Euskal Herria Herri bakar bat da. Zalantzarik txikiena ere ez dugu. Horixe da EAJren muina. Eta gure hizkuntza propioa euskara da. Hortik hartu zuen Alderdiak bere izena. Alderdiaren izena Euzko Alderdi Jeltzalea da. Gaur aurkeztu duguna da Ipar Euskadirako aukeratu dugun marka berria. (…) Aldaketa honek erantzuten dio Iparraldeko gizartearengana are gehiago hurbiltzeko dugun borondateari. Dei bat, zubi bat, gure arimari eta Alderdi gisa ditugun helburuei eutsiz”. Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek gaur luzatu nahi izan duen mezu nagusia. Ildo beretik, EBBren presidenteak azaldu du Parti Nationaliste Basque izenaren 'nationaliste' hitzak pertsona askorentzat iradokitzen dituela EAJrekin inolako zerikusia ez duten frantziar mugimendu batzuk. “Demokratak gara: betidanik argi baino argiago izan dugu indarkeriaren kontra eta giza eskubideen alde gaudela eta bokazio europazalea dugula”.
Estebanekin batera, ekitaldian hitza hartu dute Ipar Buru Batzarraren buru Pantxoa Bimboire Haritschelharrek; Iparraldeko Hirigune Elkargoko presidenteorde eta Kanboko alkate Peio Etxelekuk; eta EAJren Ipar Euskadiko Herrialde Batzarraren mahaiburu Graxiana Mirande Becek. Halaber, ekitaldian izan dira IBBko ordezkariak eta bertako hautetsiak.
"EAJk asko du Ipar Euskadiri eskaintzeko, bere etorkizunerako eta ongizaterako” adierazi ondoren, Estebanek gaineratu duenez "hemendik eta 10-15 urtera Europa berri bat izango dugu" eta "gaur egun Estatuek duten esanahiak aldaketa asko ezagutuko ditu": "Euskadik bere tokia bilatu behar du Europa berri horretan. Horretan ari da EAJ, Euskadi batuago bat eraikitzeko lanean, Euskadi askeagoa, europarragoa eta giza eskubideen are aitzindariagoa".
IBBren presidente Pantxoa Bimboire Haritschelharrek bere aldetik adierazi duenez EAJk Iparraldean "etapa berri bat" ireki du, Frantziar estatuan egin diren azken udal hauteskundeetan "giltz" bihurtu baita. “Iparraldean herritar asko daude euskal herritar sentitzen direnak, eta uste dut gizon eta emakume askoren baloreak partekatzen ditugula eta, beraz, aurrera egiteko prest gaude”.
Peio Etxeleku Iparraldeko Hirigune Elkargoko presidenteorde eta Kanboko alkateak azpimarratu duenez “Gure Herriak dituen erronkak gure erronkak dira, eta hauxe da euskal herritar guztion Alderdia”. Ildo beretik adierazi duenez “gure helburua da Ipar Euskadin dugun lidergoa indartzea”, Iparraldeko Hirigune Elkargoaren aukeraketan “erabakigarri” izan denez geroztik. Azkenik azaldu du Hirigune Elkargoko presidenteorde ekonomiko gisa lan egingo duela mugaren alde bietako enpresa eta merkataritza ganbaren arteko elkarlana areagotzeko.
Azkenik, hitza hartu du Graxiana Mirande Becek, EGIkide eta EAJk Ipar Euskadin duen Herrialde Batzarraren mahaiburuordeak: “Gazte askok gaur bilatzen dugu politika egiteko beste molde bat. Uste sendoak ditugu, baina konponbide zehatzak ere nahi ditugu. Gure nortasuna defendatu nahi dugu, gure hizkuntza eta gure Herria, baina politika ez dugu egin nahi etengabeko gatazketara mugatuta. Gero eta polarizatuta dagoen gizarte batean, Le Parti Basquek bestelako bide bat eskaintzen du: elkarrizketaren bidea, konpromisoaren eta erantzukizunaren bidea”. Era berean azpimarratu duenez EAJ-LPBn “nortasunaz hitz egiten dugu baina nostalgiarik gabe, aho-betean ekonomiaz hitz egiten dugu eta erantzukizunez hitz egiten dugu ekologiaz. Le Parti Basquek gazteei eskaintzen die promesek baino balio handiagoa duen zerbait: ikuspegi bat. Hemen, Euskadin, bizi, lan egin, negozio bati ekin eta engaiatu ahal izatearen ikuspegia”.