Imanol Pradales Lehendakariak gaur goizean aldeztu du Gasteizko lantegian fabrikatzen hasiko diren Mercedes-Benz VLE % 100 elektrikoa erabat lerrokaturik dagoela “Europaren berpizkunde industrialarekin, autonomia estrategikoarekin eta Eusko Jaurlaritzak defendatzen eta babesten duen ‘made in Europa’ ikuspegiarekin. Testuinguru horretan, lehendakariak berretsi du Europako Batzordearen Industria Azelerazioaren Legearen aldekoa dela –EBn fabrikazioa, enpresen hazkundea eta enplegua sortzea bultzatzeko–, eta lantegitik aldarrikatu du Euskadi “Azelerazio Industrialeko Europako Eremu” gisa aitortu behar dela. “Europaren etorkizun industriala bertako eskualde eta estaturik gabeko nazioetatik ere eraikiko da. Eta Euskadik prest dago bere zeregina betetzeko”, azpimarratu du.
Imanol Pradalesekin batera izan da alemaniar lantegiko VLE ibilgailu berriaren ekoizpenari hasiera emateko aurkezpenean Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua. Ekitaldi horren bidez, Mercedes-Benzek Arabako hiriburuan duen ekoizpen-zentroaren garrantzi industriala eta estrategikoa berretsi nahi izan du, Gasteiz Mercedes-Benzek Europan duen proiektu industrial garrantzitsuenetako batean kokatzen baitu. Beraz, gaur goizean egin den ekitaldian enpresa alemaniarraren ordezkaritza gorena izan da, horien artean Mercedes-Benz Group AGko Administrazio Kontseiluko presidentea den Ola Källenius; Mercedes-Benz Vanseko zuzendaria den Thomas Klein; eta Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiko zuzendaria den Bernd Krottmayer. Jordi Hereu Espainiako Gobernuko Industria eta Turismo ministroa ere bertan izan da.
Bere hitzaldian, Lehendakariak gogoratu du Euskadi eta bertako enpresak maila globalean ari direla lehiatzen guztiz estua eta ziurgabetasun handikoa den eta “inork ezer oparitzen ez duen” agertoki batean, eta gaur egun planteatzen diren erronkei erantzuteko izan behar den gaitasuna indartzea eskatzen duela. “Horrek ez du esan nahi gure merkatuak itxi behar ditugunik. Ez dugu uste protekzionismoa denik erantzuna. Mundu mailan lehiatu behar dugu. Baina Europako enpresei ezin zaie eskatu etxean egiturazko desabantailei aurre egiten dieten bitartean”, adierazi du, Europako industriaren etorkizunean Euskadik bete behar duen eginkizuna aldarrikatzeko.
Horrela, Imanol Pradalesek adierazi du Mercedes-Benzen Gasteizko lantegian fabrikatuko den eredu berriak Euskadi Alemaniako enpresaren estrategia globalaren erdigunean jartzen duela Europa galdutako eremua berreskuratzera behartzen duen ibilgailu elektrikoaren segmentuan.
“Ematen diguzuen konfiantzari eta horrek dakarren aitorpenari erantzuten jarraituko dugu, autoexijentzia eta anbizio handienetik”, esan du amaitzeko Lehendakariak, eta, aurretik, gogorarazi du fabrikazio berriak kalitatezko enplegua sortzea, hornitzaile txikientzat jarduera, punta-puntako teknologia eta nazioarteko posizionamendua ekarriko dituela, besteak beste, Arabarako eta Euskadirako.
Iturria: Irekia