“Donald Trumpen eguneroko jokabideak ez digu uzten Europar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko muga-zergen akordioaren aldeko botorik ematen, baina bai lortu dugu gure enpresak babesteko kontrol eta babes mekanismoak akordio horretan jasotzea. Badakigu euskal enpresek harreman komertzial garrantzitsua dutela AEBekin, eta, beraz, guretzat ere garrantzitsua da egun bizi dugun egoera nahasi honetan egonkortasun ekonomikoa bermatzea eta akordiorantz aurrera egitea. Hala ere, boto hau eta gure abstentzioa ez dira txeke zuri bat, eta Estatu Batuek akordioa betetzen ez badute, bertan behera uztea gerta liteke", adierazi du EAJ-PNVko eurodiputatuak EBren eta AEBren arteko muga-zergen akordioaren ezarpenari buruz.
2025eko uztailean Turnberryn ( Erresuma Batuan) hitzeman ziren konpromisoen ildo beretik, akordio honen bidez ezabatzen dira AEBko produktu industrialen muga zerga gehienak eta europar merkaturako sarbide preferentziala eskaintzen die AEBko nekazal eta arrantza sektoreetako askotariko produktuei. Donald Trumpen "joan-etorriei" eta balizko ez-betetzeei aurre egiteko, onartu berri den akordioak etete-klausula bat jasotzen du, eta horri esker, EBk indarrik gabe utzi ahal izango ditu muga-zergen lehentasun berriak, baldin eta AEBk erabakitzen badu 2026ko otsailaren 24ra arteko muga-zergei % 15eko gehigarria ezartzea.
Klausula hau aktiba liteke baldin eta akordioaren xedeak urratzen badira, europar operadore ekonomikoak diskriminatzen badira, Europar Batasuna ekonomikoki hertsatzen badute edo Europako lurraldea mehatxatua bada. Ezarritako aplikazio-klausulari dagokionez, ezartzen du muga-zerga berriak eraginkorrak izango direla soilik Washingtonek bere konpromisoak errespetatzen baditu edo Estatu Batuetako inportazioen gorakada handiak europar sektoreei kalte egiten ez badie. Onartutako testuek adierazten dute, halaber, Europako Batzordeak muga-zergen lehentasunak eten ahal izango dituela, baldin eta, beranduenez 2026ko abenduaren 31n, Estatu Batuek altzairuaren eta aluminioaren Europako eratorriei % 15etik gorako muga-zerga aplikatzen jarraitzen badute, eta Europako Parlamentuari aurtengo abenduaren 1a baino lehen jakinarazi beharko dio produktu horiei aplikatzen dieten tratamendu arantzelarioari buruz.
“Europako Parlamentuak dagokion lana egin du eta kontroleko mekanismo batzuk jarri ditu. Horien bidez, Donald Trumpek adostutako muga-zergen baldintzak aldatzen badizkigu, akordioa bertan behera geratu ahal izango da. Ez ditugu ahaztu azken hilabeteotako mehatxuak, ezta AEBko presidenteak politika eta negozioak egiteko darabiltzan moldeak ere. Guztiz alderantziz, eta horregatik jarraitu behar dugu merkataritza-politika bat eta beste aliatu batzuekiko harreman sendo bat eraikitzen”.