Vaquerok Sánchezi: "Ganberan Aurrekontuetarako akordiorik lortu ezik, ganbera desegin eta hauteskundeak dei itzazu"

Bozeramaile jeltzaleak Sánchezi gogoratu dio testuinguru politiko eta judizialak eraman duela inbestidurako gehiengoa galtzera, eta nabarmendu du aurrekontuak negoziatzeko benetako borondatea erakutsi behar duela: “Ikusiz gero sinetsi”
Vaquerok Sánchezi:
17 Ekaina | Kongresua

Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak Gobernuko presidenteari ohartarazi dionez, "aste honetan Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruz hitz egitea bitxikeria izan daiteke,  zure inguruko agenda judiziala kontuan hartuta". Baina Kongresuan euskal herritarren ordezkari diren aldetik, jeltzaleen "betebeharra" da jakitea “aurrekontu horietan Euskadirekin dituzun konpromisoak nola islatuko diren, eta nola aurreikusten duzun konpromiso horiek aurrera ateratzea", jakinda "agerikoa dela inbestiduraren gehiengoa galdu duzula", hain zuzen ere, testuinguru politiko eta judizialagatik.

Vaquerok adierazi du zalantzak dituela oraingo honetan toki onera iritsi ahal izatearen inguruan “ez baita halako iragarkia egiten duzun lehen aldia, Aurrekontuak gora Aurrekontuak behera zorabiatzen aritu ondoren ekarriko dituzula esanez eta azken urratsa eman gabe”. Era berean galdetu dio oraingo honetan “negoziatzeko eta aurkezteko benetako borondatea ote duzun”. “San Tomasek esanikoa esango dizut, ikusiz gero sinetsi”, esan du.

“Argi hitz egin dezagun, arnasa bezain beharrezko egiten zaizu proiektu nagusi baten inguruan, Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruan, Ganberaren akordio bat sustatzea”, adierazi du. Vaquerok  ildo beretik adierazi du "zain daudenen zerrenda” luzea dela, "gure industriarako energia-neurriei dagokienez, lehiakortasuna eta lanpostuak, autonomoak, familiak, mendekotasuna, amiantoaren biktimentzat funts nahikoa espero dutenak... ziurtatu behar baitira".

“Sanchez jauna, Legegintzaldi honen azken luzea egiten ari gara. Aurkez itzazu aurrekontuak, zure eginbeharra da, baina ganbera honetan akordiorik lortzen ez baduzu, ganbera desegin eta hauteskundeak dei itzazu”, amaitu du Vaquerok Gobernuari kontrola egiteko galderan.

PARTEKATU