Madrilen nagusitu den bando-politika gaitzetsi du Vaquerok, eta Sánchezi galdetu dio legegintzaldia "norantz" eraman nahi duen

Euskal Taldeko bozeramaileak Legebiltzarrean duen bakardadea gogorarazi dio PPri, eta eskatu dio gogoeta egin dezala zergatik ez den "inor mugitzen" bere alderdiarekiko, eta azpimarratu du alderdi jeltzalea ez dagoela Espainiako gobernuak salbatzeko, baizik eta euskal herritarren interesak defendatzeko
Madrilen nagusitu den bando-politika gaitzetsi du Vaquerok, eta Sánchezi galdetu dio legegintzaldia
24 Ekaina | Berria

Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok  Gobernuko presidente Pedro Sánchezi galdegin dio legegintzaldia “norantz” eraman nahi duen. Aurrera egiteko asmoa adierazi duela gogoratuz, Vaquerok Sánchezi esan dio egungo egoera politikoan, aurrekonturik gabe, ganberako gehiengo nahikorik gabe, eta Gobernu zentralaren inguruan irekita dauden auzi judizialekin “garrantzitsuena da ikustea bide horrek eramaten  ote  duen sistema demokratikoak bizirik dirauen tokiren batetara, non erakundeek garbi jarraituko duten eta hiritarrek konfiantzari eutsi ahal izango dioten. Edo, bestela, aurrera egite hau erakundeak amildegira eramatea izango ote den, atzera bueltarik gabe eta inor berarekin joateko prest egon gabe”.

Jeltzaleen bozeramaileak gogora ekarri du iazko udan ustelkeria kasuen karietara  eginiko ezohiko agerraldiaren ondoren ematen zen egoerarekin alderatuta “gaurkoa ez da hobea”. Hala aipatu nahi izan du Auzitegi Gorenak eman duen epaia, ministro ohi eta PSOEren Antolakuntzako idazkari ohi José Luis Ábalos eta haren aholkulari Koldo García eta Victor Aldama kondenatuz. Vaquerok epaia “eskarmentuzko zigor eztabaidagarri” deitu du , azkenari ezarri zaion zigorragatik. “Baina, ezberdintasun hauen inguruan egin daitezkeen irakurketetatik harago, epaiak argi utzi du ez garela elukubrazio edo bulo hutsez ari. Zigortzeko epaia da, Gobernuko presidente izan ziren lehen agintaldian delitu larriak egin zirela jasotzen duena”, gaineratu du.

Arazoa da, Gobernuko Presidentetzara  “demokrazia berroneratzeko eta ustelkeriaren kontra borrokatzeko alegatuarekin” iritzi zenetik zortzi urte igaro direla, “eztabaida politikoa ez da  zer neurri legegile hartu behar ote diren kalitatezko enpleguari, lehiakortasunari, jasangarritasunari, mendekotasuna, etxebizitzari, familien egoerari,  hainbat pertsonen bizimodua hobetzeari, lurralde auziari, Estatuan diren nazio ezberdinen auziari heltzeko”. Gaurko egoerak herritarrei eragin die gogaitasuna, ultraeskuinak bere alde kapitalizatu duena eta zeinaren aurrean Sáchezek  `ni ala gaizkia´ errepikatzen duen”. Hori esanda, Sánchezi eskatu dio lubakian babestu ez dadila eta “bando-gerrarekin” tematu ez dadila, “horrek bide laburra izango duelako eta sistema demokratikoari egingo zaion kaltea neurrigabea delako”.

Vaquerok bere buruari galdetu dio “gobernu honek  zer marjina ote duen erabaki judizialek eta lege oinarri handiagoarekin edo txikiarekin eginiko inputazioek legegintzaldia amaitzeko falta denak zentzua izan dezala ahalbidetzeko”, bai eta Ganbera ote dagoen Gobernuak negoziatu nahi omen dituen Aurrekontuak aurkezteko orduan babesa emateko  moduan,  edo talde bakoitzak “zure Gobernutik hasita, aurrekontuen gaineko proposamenak kanpainako lehen ekitaldi bihurtu nahi izango dituen”.

Euskal Taldeko bozeramaileak Sánchezi deitoratu dio inbestidura akordioak oraindik bete gabeko kontu batzuk jasotzen dituela, eta hari eta PPri gogoratu nahi izan die EAJren zeregina ez dela Espainiako Gobernuak salbatzea, baizik eta “Euskadiren eta euskal herritarren interesak defendatzea, bestela pentsatzen duena errespetatuz eta inori kalte egin gabe”.

Vaquerok PPren kritikei ere erantzun die, eta hausnartzeko eskatu dio, alegia, zergaitik ultraeskuinaren alde soilik egin dezakeen eta zergatik ez den "inor mugitzen" bere alderdiarekiko. 

"Nire alderdiak Euskadiren alde lan egiten du eta lanean jarraituko du, bere industriaren eta enpleguaren iraunkortasunaren alde. Horrek esan nahi du bilerak egin behar direla finantza-arazoak dituzten enpresekin eta bertako langileekin, eta horrek esan nahi du esparru politikotik beharrezko laguntzak iristen lagundu behar zaiela, eta ordezkaritza dugun lekuetan behar diren ekimen guztiak erregistratu behar direla, zuek eta Ganbera honetako beste alderdi batzuek zuen lurraldeetan arazoak dituzten enpresekin egiten duzuen bezala. Edo ez dute horrela egiten? Eta jokoaren arauen barruan egiten dugu, ez beste batzuk bezala, lege-esparrutik ateratzen den edozein jarduerak ez gaituelako ordezkatzen eta ez gaituelako inoiz ordezkatuko, zuek, une honetan betetzen dituzuen eserleku horietatik, beste gauza batzuk esan ditzazuen arren".

PARTEKATU