EBren aurrekontu berrian arrantza politika erkidea blindatzea babestu du Oihane Agirregoitiak

EAJ-PNVko eurodiputatuak gaur, asteazkena, Europako Parlamentuko arrantza batzordean bozkatu du 20228-2034 epealdirako urte anitzeko finantza markoan arrantza eta akuikulturarako finantzaketa maila “egoki eta aurreikusgarria” eskatzen duen txostenaren alde
EBren aurrekontu berrian arrantza politika erkidea blindatzea babestu du Oihane Agirregoitiak
15 Uztaila | Europako Legebiltzarra

Europako Parlamentuko arrantza batzordeak gaur, asteazkenarekin, europar funts berriari buruzko irizpena onartu du, zeinak, 2028-2034 epealdirako finantza markoaren barruan barne hartuko baititu kohesio politika, akuikultura eta arrantza , estatu eta erregio mailako elkarlanerako planen bidez (NRPP da  inakronimoa). EAJ-PNVk babestu duen agiriak  arrantza politikaren zatiketaz eta birnazionalizatzeaz ohartarazten du, programen europar izaerari eustea defendatzen du eta finantzaketa “egokia eta aurreikusgarria” erreklamatzen du. Ildo beretik, arrantza sektorerako segurtasun sare berri bat sortzea planteatzen du, nekazaritzarako existitzen den tresnaren antzekoa, arrantza eta akuikultura sektoreen merkatuak egonkortzera begira, prezioetan edo sargaien kosteetan eman daitezkeen gorabeherei aurre egin ahal izateko.

"Ezin dugu onartu arrantza-finantzaketa  2028. urtetik aurrera EBren aurrekontu berriaren barruan ezerezean geratzea. Europaren eskumen esklusiboa da, eta Europa mailan finantzaketa nahikoa duela ziurtatu behar dugu; izan ere, kostaldeko erkidego askorentzat ezinbestekoa den sektore sozioekonomiko baten etorkizuna jokoan ez ezik,  garrantzitsua da gure elikadura-segurtasunerako, gure lurralde-kohesiorako eta gure autonomia estrategikorako ere", adierazi du Agirregoitiak, Europako arrantzaren eta akuikulturaren finantzaketak ekoizpen-jarduerei eta -funtzionamenduari mesede egin behar diela azpimarratzen duen txostena onartu ondoren.

Ez da lehen aldia eurodiputatu jeltzaleak ohartarazten duela Europako funtsen birnazionalizazioa saihesteko beharraz. Europako Parlamentuaren azken osoko bilkuran, Arrantza Politika Bateratuaren etorkizunari buruzko eztabaidan, Costas Kadis komisarioari jakinarazi zion EAJ-PNVk erabat errefusatu zuela "gutun-azal nazionaletako arrantza-funtsak zentralizatzea eta murriztea", erabakiak Madrilen hartzeko arriskua baitzegoen, arrantzaleen interesgunetik urrun.

Txostenak Arrantza Politika erkideari eutsi beharra azpimarratzen du, flota deskarbonizatzeko, modernizatzeko eta berritzeko. Era berean, azpimarratu du oso garrantzitsua dela belaunaldien arteko erreleboa egitea eta itsasontzietan segurtasun- eta bizi-baldintzak hobetzea. Azkenik, eskualde ultraperiferikoetarako programari eustea proposatu du, uhartetasunaren eta arrantzaren eta akuikulturaren urruntasunaren gainkostuak konpentsatzeko.

PARTEKATU