Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak gaurko bilkuran Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari beste behin galdegin dio mendekotasun handia duten pertsonak zaintzen dituzten familientzat hitzemandakoaren inguruan. Izan ere, gaixotasun larria duten adingabeak zaintzeagatiko prestazioan arbitrarietateak saihesten dituen araudi berria (CUME) minutu batzuk lehenago iragarri du ministroak. Araudi hori ekainean iragarri zen, Euskal Taldeak behin eta berriz erreklamatu ondoren. Azkenean urrian onartuko da, eta lege-aldaketa behar duten gaiak, hala nola CUME prestazioa jasotzeko adin-muga handitzea, etorkizuneko dekretu batean onartuko dira.
"Marmotaren egunean nagoela iruditzen zait. Iragarpen berri bat entzun dugu, CUMEren defentsa sutsua eginez, baina denak berdin jarraituko du familientzat, zuek, PSOEk eta SUMARek, berdin jarraitzea erabaki duzuelako. Hala erabaki duzue gaur", salatu du Sagastizabalek ministroari entzun ostean. Hala, Gobernuak Senatuaren zuzenketei betoa jartzeko hartutako erabakiari buruz ari zen, Kongresuan asteazken honetan bertan bozkatuko diren CUMEren inguruko desgaitasunari eta mendekotasunari buruzko legeak aldatzen dituen proiektuaz.
"Gaur beran familia horientzako laguntzan aurrerapausoak emateko aukera zenuten, CUMEren adin-muga 26 urtetik gora zabalduz. Zuzenketa zehatz bat zegoen eta betoa jarri diozue, neurriak "hartzaileen stocka" areagotuko lukeelako. Ministro andrea, benetan uste al duzu hitz egiteko modu egokia dela hori minbizia edo gaixotasun larriak dituzten seme-alabei buruz hitz egiteko? Zoritxarrez adin horietara iritsiko ez diren gazteez?. Egunero lan egiteko eta seme-alabak zaintzeko eginahalak egin behar dituzten gurasoez?". "Eta hau dena zer saihesteko? 2,36 milioi euro, 134 prestazio inguru urtean? Benetan justifikatzen al du kopuru horrek familia horiek kanpoan uztea?", aurpegiratu dio diputatu jeltzaleak arlo horren ardura duen ministroari.
Iragarritako dekretu berriari dagokionez, Sagastizabal eszeptiko agertu da: "Baina gehiengoa al duzu onartzeko? Noiz egingo da gehiengo nahikoa ote duzuen ez badakizue? Eta hauteskundeak aurreratzen badituzue? Uste dut dekretu hori ez dela bozkatuko. Aurrera egiteko baino ez da, beste promesa huts bat ". Eta gaur bozkatzen den proiektuarekin galtzen den aukera azpimarratu du berriro: "Botoak zenituzten, baina familiek zain jarraitzea erabaki dute. Gaur betoa jartzeak eta dekretu bat iragartzeak erakusten du zuen interes politikoa familien eskubideen aurretik jartzen duzuela. Eta horri oportunismo politikoa deitzen zaio".
Ildo beretik kritikatu duenez “lantaldea proposatu zen mendekotasun handia duten gaixoen familia zaintzaile ez profesionalen" arazoak aztertzeko eta neurriak hartzeko ", eta "gaur egun ez dakigu ezer", kritikatu du.
"Hitzemandakotik hitzemandakora saltoka gabiltza, iragarpenetik iragarpenera, eta familiek berdin jarraitzen dute. Gaur nahi baduzu, kendu betoa. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna. Gaur egin dezakezue eta zuen esku dago".