Euskal Taldeak eskatuta, Kongresuak hasi du dagoeneko adingabeekin egiten diren familia-prozesuetan judizioz kanpoko negoziazioaren nahitaezkotasuna ezabatzeko izapidea

Kongresuak gaur onartu du alderdi jeltzaleak bultzatutako lege-proposamena aintzat hartzea, zeinak familia-prozesuak bizkortzeko beharrari erantzuten baitio, gurasoen arteko liskar batek adingabeari kalte egin diezaiokeenean
Euskal Taldeak eskatuta, Kongresuak hasi du dagoeneko adingabeekin egiten diren familia-prozesuetan judizioz kanpoko negoziazioaren nahitaezkotasuna ezabatzeko izapidea
22 Iraila | Kongresua

Kongresuak gaur, asteartearekin, Euskal Taldeak bultzatutako Lege Proposamen bat izapidera eramatea onartu du, adingabeekin familia-prozesuak arintzeko, gurasoen arteko gatazkek akordioa zailtzen duten kasuetan adingabearen interes gorena babestera begira.

Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, ekimenaren helburua da prozesu horiek "arintzea", gurasoen arteko desadostasunak "adingabeari kalte egin diezaiokeenean; horregatik, lege-proposamenak planteatzen du, besteak beste, aldez aurretik gatazkak konpontzeko bitartekoetara jotzeko betebeharra ezabatzea, adingabeen eskubideak jokoan daudenean, hala nola elikadura, etxebizitza edo bi gurasoekiko harremana".

Justizia-zerbitzu publikoaren eraginkortasunaren arloko neurriei buruzko Lege Organikoa erreformatzeko eta Prozedura Zibilaren Legea aldatzeko Lege Proposamenak, adingabeekiko familia-prozesuei dagokienez, Euskal Taldeak erregistratu eta gaur Kongresuaren gehiengoak babestu duenak, ondorengoa dio: "guraso-ahala erabiltzean sortzen diren desadostasunen xedea nolabaiteko premiaz konpondu behar diren gaiekin lotuta egon ohi da, hala nola ikastetxez aldatzeko baimenarekin, bidaia batekin, erlijio-ekitaldi batekin, eskolaz kanpoko jarduera batekin edo terapia baten hasierarekin".

"Denok ezagutzen ditugu  bikoteen haustura ez-adiskidetsuek edo guraso-agintea erabiltzean sortzen diren desadostasunek dakartzaten berezitasun emozionalak", azaldu du Mikel Legarda diputatu jeltzaleak eztabaidan. "Emozio-intentsitate handiko dolu-egoerak dira ia beti", eta "arrazionaltasunaren iragazkia, prozedura judizialak irekitzea saihestuko duten akordio goiztiarrak lortzeko prozedura-baldintza izan daitekeena, oro har", ez da izaten behar den premiazko emaitza. "Familia-prozeduretan, nahi baino gehiagotan gatazka emozional pozoituetan, adingabeen presentziak eskatzen du gatazka handiko egoera horiek ez luzatzea, eskaera egin aurretik nahitaez egin beharreko izapide baten bidez; izan ere, bikotearen arteko harremanei tentsioa gehitzeaz gain, adingabeak ziurgabetasun-egoera kaltegarrietan jartzen ditu, eta horrek babesik gabe uzten ditu", gaineratu du.

Hala, testuak proposatzen du gatazkak ebazteko neurrietatik kanpo uztea, besteak beste, "betearazpen-demanda", "aurretiazko eginbideen eskaera" edo "banantzea, dibortzioa eta ezkontzaren deuseztasuna edo guraso eta seme-alaben arteko neurrien demanda, kautelazko neurrien eskaera, demandaren aurreko behin-behineko neurriak eta neurriak aldatzeko demanda, prozedura horietan, besteak beste, adingabeen eskubideei eragiten dieten neurriak eskatzen direnean".

Era berean proposatzen da Prozedura Zibilaren Legea aldatzea, "ikustaldia egitea nahitaezkoa" izango dela gehitzeko, eta alderdietako bat arrazoi justifikaturik gabe agertzen ez bada, "agertzen den alderdiak alegatutako egitateak onartutzat jo ahal izango dira, ondare-izaerako behin betiko neurriei buruzko eskaerak oinarritzeko".

Euskal Taldeak legegintzaldi osoan zehar defendatu izan du lege-proposamen hori Kongresuan, beste ekimen batzuei zuzenketak eginez eta legez besteko proposamen gisa, eta  bilatzen du bizi-inguruabarrek gurasoak banantze- edo gatazka-prozesuetara eramaten dituztenean, ordenamendu juridikoak eztabaidaren ebazpenari ahalik eta eragozpen gutxien jartzea, adingabearen interes gorena bermatzeko.

Alderdi jeltzaleak epaiketa aurretik bitartekaritza edo adiskidetzea bideratzea defendatzen du, baina uste du adingabeekin egiten diren familia-prozesuetan ez dela bilatzen den efektua ematen ari "Ez dago auzi judizialen beherakada iraunkorrik elkarren arteko akordioen antzeko hazkunde baten mesedetan. Praktikan, uste da 17.000 demanda baino gehiago daudela demanda formalizatzeko zain dauden abokatuen bulegoetan, Bitartekaritza Erakundeen eskakizuna bete ondoren", adierazi du Legardak, eta zehaztu du "urtero Espainian 300.000 adingabe inguru daudela familia-prozesu judizialen eraginpean, ezkontza-bikoteen hausturen ondorioz ".

PARTEKATU