Sagastizabalek Espainiako gobernuari exijitu dio sare elektrikoaren saturazioa konpontzeko lana egin dezala: “Argindarra iristen ez bada, eraikuntza berriak ez dira bizigarriak izango eta industria ahuldu egingo da”

Diputatu jeltzaleak Trantsizio Ekologikoko ministroari leporatu dio plangintza berria atzeratu izana, inbertsio-mugak handitu izana eta indarrean dagoen plangintza eraginkortasunik gabe gauzatu izana. Atzerapen horiek sarean saturazioa eragiten dute, eta Euskadin 500 milioiko galerak eragin ditu sektore industrialean eta 5.000 etxebizitza berri baino gehiagotan
Sagastizabalek Espainiako gobernuari exijitu dio sare elektrikoaren saturazioa konpontzeko lana egin dezala: “Argindarra iristen ez bada, eraikuntza berriak ez dira bizigarriak izango eta industria ahuldu egingo da”
10 Ekaina | Kongresua

"Elektrifikazioa, berrindustrializazioa eta etxebizitza -arazoa konpontzea. Hiru erronka horiei heltzeko orduan ezinbesteko dugu behar besteko indarra izango duen sare elektrikoa, gaur egun ez baitu indar nahikorik. Argindarra iristen ez bada, eraikuntza berriak ez dira bizigarriak izango eta industria ahuldu egingo da", adierazi du gaur, asteazkenarekin, Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Kongresuan, eta  azaldu du argindar nahikorik gabe ezinezkoa dela etxebizitzak eraikitzea edo industria jasangarri egingo duten inbertsio berriak iristea.

Sagastizabalek Sara Aagesen Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko ministroari aurpegiratu dio bere Gobernuak energia berdearen eta etxebizitza-politiken aldeko diskurtsoa duela, baina  diskurtsoa hutsik geratu dela, "hitzak ez baitatoz bat egiten duzunarekin, ez duzuelako egiten promesak errealitate bihurtzeko egin behar dena".

"Sare saturatua dugu, eta aurreko plangintzaren exekuzio maila nahiko eskasa izan da. Ematen ari den atzerapena ikustea besterik ez dago: Euskadin, batez beste, bost urte baino gehiagoko atzerapena daramate azpiestazioek; azpiegituren erdiak hiru urteko atzerapena daramate dagoeneko. 2025-2030 epealdirako plangintza berrian aurreikusitako 17 posizio aurreko plangintzetan jasota zeuden, eta oraindik ez dira gauzatu. Zenbaki horiek Estatura estrapola itzazu", esan dio Sagastizabalek ministroari, "Euskadiko banaketa-lotuneen ia %100 gainezka" daudela gogorarazi ostean. Horren ondorioz, "5.000 – 6.000 etxebizitzako hirigintza-proiektuak baztertu dira" bai  eta "30 industriatako konexio-eskaerak" ere, "5.000 milioi inguruko inbertsioa" izan dutenak.

Laburbilduz, "instalatu nahi den industria ezin da konektatu, elektrifikatu nahi dena ere ez, eta etxebizitzaren eraikuntza blokeatuta geratzen da". Eta arazoa, azaldu duenez, Ministerioan dago: "Plangintza berria onartu gabe eta agindutakoa sareetan inbertitu gabe jarraitzen dute". Ia berehala konexioak egiteko aukera emango lukeen araudia aplikatzeko atzerapenei dagokienez, Sagastizabalek honela azaldu du: "Instalatutako entxufeak eta potentzia erabilgarria daude, etxebizitza eta industria-jarduera berriak konektatzeko erabil daitezkeenak, baina ezin dira baliatu, Ministerioak araudiaren aplikazioa atzeratu duelako". Eta horri gehitzen zaio plangintzako aldaketa puntualak ez direla etxebizitzarako eta industriarako erabiltzen, eta hori dela "benetan axola duena", eta "eraiki gabeko azpiegitura dagoela, jada planifikatuta dagoena gauzatzea atzeratzen duena", baina hori ahalbidetzen duen araudia egon arren, Gobernuak "obra horiek enkargatu ahal izango lituzke", baina "ez egitea" erabaki du.

Hala, diputatu jeltzaleak ministroari gogorarazi dionez, "ahalmen elektrikorik gabe ez dago etxebizitza eskuragarririk, ez dago etxebizitza berririk eta ez dago etxebizitzarik eskuragarri".

 

PARTEKATU