Burzako eta Bildarratz: “Angolak bere erakunde lokalak demokratizatzea behar du”

Burukideak eta Senatuko bozeramaileak osatutako EAJren ordezkaritzak prestakuntza eskaini die UNITAko karguei, Angolako oposizioko alderdi nagusikoei, herri horretan lehen aldiz egingo diren udal hauteskundeei begira
Burzako eta Bildarratz: “Angolak bere erakunde lokalak demokratizatzea behar du”
16 Azaroa | EBB

Mikel Burzako eta Jokin Bildarratz prestakuntza eman diete Angolan UNITAko kargu eta militanteei 2020an herrialde afrikar honetan historian lehen aldiz egingo diren udal hauteskundeei begira. Euzkadi Buru Batzarreko Nazioarte Arloko arduradunak eta Senatuko EAJko bozeramaileak Euskadiko udal ereduaren esperientzia helarazi diete Angolaren Erabateko Independentziaren aldeko Batasun Nazionaleko prestakuntza mintegian parte hartu duten 200 bat karguri, herrialde afrikarrean egokitu ahal izateko.

“Angolak bere erakunde lokalak demokratizatzea behar du. Udalerriak herrialdeko presidenteak zuzenean aukeratzen dituen pertsonek gestionatzen dute eta, datozen lehen hauteskunde horiei begira, helburu bikoitza ekarri dugu: hauteskundeak herrialdeko udalerri guztietan egin daitezen egiten ari diren aldarrikapenari babes politikoa ematea -oraindik erabakitzeke dagoen gaia- eta, bestalde, oraindik esperientziarik ez duten udal ereduak ezagutaraztea”, azaldu du Mikel Burzakok.

EAJk harreman sendoa du 1990ko hamarkadatik Angolako oposizioko alderdi politiko nagusiarekin, horregatik ekimen honek loturak indartzeko balio izan du, baita 2020ko mugarri handi horri begira laguntza izango dutela erakusteko. “Ilusio handia nabaritu dugu eta gure lanarekiko izan duten harmena UNITAkoek aurreikusten zutena baino hobea izan da, bai parte hartzaileen kopuruari dagokionez, bai eztabaida eta analisiek iraun duten hiru egunetan zehar egin dituzten galdera eta ekarpenen aldetik ere”.

Ustelkeri, gardentasun, osasun, hezkuntza edota Giza Garapenaren Indizeen aldetik mundu mailako neurgailu negatiboetako lehen postuetan dagoen herrialde izanik, João Lourenço iaz presidente aukeratu izanari “beste neurri batzuk ere gehitu behar zaizkio ustelkeriarekin amaitzeko eta benetako demokratizazioa egiteko”, iritzi dio Burzakok. “Horretarako, hauteskundeak gardenak izan behar dira eta benetako deszentralizazio prozesua egin behar da; oraindik ez daukate argi herrialdearen zein esparru deszentralizatu nahi duten, ezta zein eskumen transferituko diren ere. Gainera, garrantzitsua da eskumenen transferentzia hau finantziaziorako ziurtasun batekin garatzea”, azaldu du burukide jeltzaleak.

Bestalde, Jokin Bildarratzek gaineratu duenez, “gure helburua haiei tresnak ematea izan da euren herrialdeko errealitatearen testuinguruan erabil ditzaten eta hauteskundeetara baldintzarik onenetan aurkez daitezen. Garrantzitsua da beraiek beraien erakundeen jabe izatea”.

UNITAko presidente de Isaias Samakuwa-rekin bilera egiteaz gain, EAJren ordezkaritza Europako Batasuneko ordezkariekin eta herrialdeko agente esanguratsuekin ere batzartu da zenbait gune txiroren errealitatea ezagutu eta udal ikuspuntutik aurre egin beharko zitzaien beharrak aztertzeko.

PARTEKATU