Beste behin ere, EAJ-PNV kataluniar herriari bere begirune eta elkartasuna adieraztera joan da Kataluniako Diada Nazionalaren ospakizunera. Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Esteban eta burutza jeltzaleko idazkari eta eusko legebiltzarkide Maitane Ipiñazar Rafael Casanovari urtero egin ohi zaion lore eskaintzan izan dira, 1714ko irailaren 11n, Bartzelonaren eta Kataluniaren askatasunen aldeko defentsan zauritua izan zela gogoratuz. EAJ-PNVko ordezkariek Junts per Catalunyaren ordezkaritzaren barruan parte hartu dute.
Ekitaldia amaitutakoan, Estebanek bertaratu diren hedabideen galderei erantzun die eta Euskadi eta Kataluniaren naziotasuna aldarrikatu du. “Erratuta ibiliko litzateke inork beste Autonomia Erkidego bat bagina bezala hartuko bagintu; hori baino askoz gehiago gara: martxan dagoen Herria gara, Europarekiko bokazio argiarekin”, esan du. Hain zuzen ere, jeltzaleen buruak adierazi du aitortza hori “naziotzat hartzea” izango dela “arazoak eta elkarrizketa bideratzeko modua”.
Jeltzaleen buruak ildo beretik aipatu nahi izan du Europako auzitegiek Amnistia Legearen inguruan eman duten epaia: “Ezinbestean aplikatu behar dira Kongresuan gehiengo zabal batez adierazitako borondatea, onartutako legea eta Europako auzitegiek emaniko epaiak. Premiazkoa da albait arinen egitea eta, hortik aurrera, gauza gehiago eraiki ahal izango dira, eta jakingo dugu kataluniar gizartearen eta herriaren benetako borondatea zein den”, esan du.
“Ez da onargarria oraindik kataluniar ordezkari batzuk, pertsonak, beren Herrira itzuli ezinik egotea”, berretsi du. Ildo beretik, Estebanek adierazi du beharrezkoa dela “pieza guztiak koadratuta geratzea, joko-taula berean ekiteko”, hala baino ez baitugu lortuko “gizartearen borondatearen” argazki finkoa edukitzea.