Cuscok `Bisitari Agurgarri´ izendatu du Andoni Ortuzar,“Europa eta Amerika artean egin duen lan ibilbidea” goraipatuz

Inka hiriburuko alkate Víctor Boluarte Medinak EBBko presidenteak “herriak errespetatuz eta beren nortasunak indartuz” egin duen lana goraipatu du
Cuscok `Bisitari Agurgarri´ izendatu du Andoni Ortuzar,“Europa eta Amerika artean egin duen lan ibilbidea” goraipatuz
20 Urtarrila | EBB

Cuscok, Inka herriaren  hiriburuak eta Unesco erakundearen arabera Munduko Ondarearen Zentroak  “Bisitari Agurgarri” izendatu zuen atzo Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako presidenteordea, “herriak errespetatuz eta beren nortasunak indartuz egin duen lan ibilbideagatik”. Hiriko alkateak, Víctor Boluarte Medinak, Ortuzarri jarri zizkion ‘chullo’  eta ‘chalina’ jantzi tradizionalak eta hiriko intsignia, Cuscoko udal egoitzan egin zen ekitaldi hunkigarrian. Ortuzar eta Mikel Burzako EBBko Nazioarte Arloko burukide arduraduna Hegoamerikan daude egunotan, Peru eta Txile bisitatzeko bidaia ofizialean. Hain zuzen ere, gaur iritsiko dira Txilera.

“Sekula ez nuen pentsatuko Cuscon horren harrera beroa egingo zigutela”, esan du Ortuzarrek ekitaldia bukatutakoan, zeinetan alkateak, bere Gobernu talde osoak eta Delia Godoy gobernadore ordeak parte hartu duten. “Hainbat antzekotasun daude inka herriaren eta euskal herriaren artean: gure hizkuntza  propioak ditugu, quechua eta euskara; bi nortasun ditugu, inka eta euskal nortasuna; eta alkateak berak esan didan moduan, antzeko egoeran gaude, gehiegi ulertzen ez gaituzten eta gure berezitasunak behar bezala errespetatzen ez dizkiguten estatuen barruan gaudelako”, baieztatu du jeltzaleen buruak. Ospakizuna amaitutakoan, Ortuzar eta Burzako arestian esandako agintariekin eta Alfredo Barrenechea Acción Popular, azken hauteskunde erregionaletan garaile irten zen alderdiko presidentearekin batzartu dira ordu batez. “Biok esan dugu berebizikoa dela inka herriaren kultura aintzat hartzea eta nabarmentzea, bere milurteko sustraiak eta bere balio unibertsala aldarrikarzea. Cuscoko gobernu talde berriak turismoa garatu nahi du , oreka jasangarri eta iraunkorraren barruan, eta bere azpiegitura eta zerbitzuen kalitatea hobetu nahi du. Kultura da bere jardueraren beste ardatz nagusia, quechua jatorrizko hizkuntzaren balioa eta  bere historiako figura ospetsuen garrantzia azpimarratuz, hauen artean Garcilaso de la Vega idazlearena”, baieztatu du Burzakok.

Topaketa  bukatutakoan, Ortuzar, Burzako eta Barnechea  Acción Popular alderdiak Cuscon daukan egoitzara joan dira. Ehun bat alderdikideren aurrean eta Acción Popular alderdiko udal zuzendaritzaren aurrean, Barrenecheak bertaratu guztiak animatu ditu  “Peruko herriari entzunez” izenburuko programari begira lan egitera. Programa hau Cuscon hasiko da  laster eta hiriko eragile sozial nagusiak parte hartzea bilatuko du. Ortuzarrek, bere aldetik, EAJ-PNVk udaletan daukan esperientzia azaldu du eta gazteak animatu ditu integratzera eta politikan parte hartzera. “Gustura utzi gaitu Peruk, uste genuen baino euskal presentzia handiagoa duen herrialdea da. Euskaldunen aztarnak edonon antzeman ditzakezu. Peruk bidegurutze politikoa bizi du gaur egun. Ustelkeria arazoak diru, politikan ez da gehiegi sinisten eta nolabaiteko gelditzea bizi du esparru ekonomikoan. Baina garrantzitsuena da  jendea  egon badagoela kudeaketa publikora dedikatu nahi duena eta lan hori zintzotasun osoz egin nahi duena”,  esan du EBBko presidenteak.

Arratsaldean, Ortuzar eta Burzako Limara itzuli ziren. Gaur, igandea, Txilerako bidea hartuko dute.

PARTEKATU