"Jurista handia, politikari handia eta, batez ere, abertzale erraldoia joan zaigu"

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek bere nahigabea adierazi du Xabier Arzalluzen heriotza dela-eta, zeinek “beti defendatu izan zituen autogobernua, euskal askatasunak eta Euskadiren nazio eskubideak, eta horien alde borrokatu”
IKUSI BIDEOA
28 Otsaila | EBB

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, EAJ-PNVren familia osoaren baitan, aberri zuzendaritza jeltzalearen presidente ere izan zen Xabier Arzalluzen heriotzaren albisteak sortutako samina eta atsekabeari ahotsa jarri zien. Arzalluzen heriotzak ezustean hartu zuen Ortuzar, Madrilen, bertan topaketa aurreikusita baitzeukan Estatuko hiriburuko alderdikideekin.  “Arzalluzen heriotzak nahigabe eta samin sakona eragin digu. Xabier Arzalluz guztia izan da Euskadin, guztia izan da euskal politikagintzan, guztia izan da Euzko Alderdi Jeltzalean. Erreferente profesionala izan da jurista modura, politikari handia, eta batez ere, abertzale erraldoia”. Ortuzarren esanetan, “zoritxarrez, joaten ari zaigun belaunaldi baten parte zen, gaur egun ezagutzen dugun Euskadi eraiki zuen hura”.

Ortuzarrek komunikabideei erantzun die Talde Jeltzalearen Diputatuen Kongresuko bulegoetan, Arzalluz diputatu izan zen garaiko bi irudiren azpian. “Gaur, bi argazki ditugu hemen, Euzko Alderdi Jeltzaleak Madrilen izan duen ibilbideko bi une garrantzitsuri dagozkienak, eta Arzalluz protagonista izan zen bietan, betiere, euskal autogobernua, euskal askatasunak eta Euskal Herriaren aberri eskubideak defendatuz. Horregatik, berari egin diezaiokegun omenaldirik onena, baita gaurko Euskadi hau eraiki zuten haiei guztiei egin ahal dieguna ere, bere bideari jarraitzea da: Euskadi eraikitzen jarraitu eta gure herriaren askatasunerantzako bidean aurrera egiten joan; horren alde borrokatu zen beti Xabier Arzalluz, Euskadin eta hemen bertan ere bai, Madrilen”.

Ortuzarrek “ bere familia osoari besarkadarik beroena eta doluminik sakonena” helarazi nahi izan dizkio. “Euzko Alderdi Jeltzalearen familia politikoa lutoan dago”.

PARTEKATU