Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta Europako Alderdi Demokratako Presidenteordeak, hitz egingo du bihar, martxoak 21, Bruselan Europako parlamentuko ALDE taldea osatzen duten alderdietako liderrek eta Europako hainbat lehen ministrok parte hartuko duten gailurrean. Bilera Palais d’Egmont eraikinean egingo da ALDE taldeko presidente Guy Verhofstadt-ek eta Europako Alderdi Demokratak antolatuta. Europako demokrata eta liberalek 2015ean “Europa eraikitzeko hirugarren bidea” izenarekin abiarazi zuten mugimenduaren edizioa izango da. Ortuzarrekin batera, Mikel Burzako talde jeltzaleko Nazioarte gaietarako burukide arduradunak eta Izaskun Bilbao eurodiputatu jeltzale eta Alde Group-eko presidenteordeak osatuko dute ordezkaritza jeltzalea.
Brexitaren negoziaketak, Britainia Handiko politika murgilduta dagoen krisi sakonaren eraginez konplikatzen hasi direnak eta Europako Parlamenturako hauteskundeak, zeinetan Europako herrialdeak bateratzen dituen proiektuak populismo euro- eszeptikoaren edo Europako batasunaren kontrako mugimenduen mehatxuari aurre egin beharrean aurkitzen diren, izango dira topaketan aztertuko diren gai nagusiak. Talde jeltzaleko ordezkariek mahai inguruan parte hartuko dute Belgikako Lehen Ministro Charles Michel-ekin; Txekiar Errepublikako Lehen Ministro Andrej Babiš-ekin; Danimarkako Lars Løkke Rasmussen-ekin; Estoniako Jüri Ratas-ekin; Finlandiako, Juha Sipilä-rekin; Holandako Mark Rutte-rekin; Luxemburgoko Xabier Bettel-ekin; eta Esloveniako Lehen Ministro Marjan Sarec-ekin. Beste parte hartzaileak izango dira Batzordeko presidenteorde eta Merkatu Digital Bakarreko komisario Andrus Ansip; Merkataritzako komisario Cecilia Malmström; Lehiakortasuneko komisario Margrethe Vestager; Justizia, Kontsumitzaile eta Genero Berdintasun komisario Věra Jourová; eta Garraio komisario Violeta Bulc; eta EAD-PDEko eta Frantziako MoDem alderdiko presidente Francçois Bayrou, beste hainbat pertsona esanguratsurekin batera.
Jeltzaleen ordezkaritza Palais d’Egmont-era iritsiko da 11:30ak aldera eta une horretan Izaskun Bilbaok adierazpen batzuk eskainiko ditu. Topaketa amaitutakoan, 14:00etan, Andoni Ortuzarrek hedabideen eskariei erantzungo die gailurraren nondik norakoen berri emateko.