"Urtebete galarazi diguzue. Herritarrentzat funtsezkoa den gai batean, inkesta guztietan lehen kezka gisa agertzen baita, berdin dio lurraldeak. Gaur egun hirigintza-izapideak arintzeko ekarri diguzuenaren antzeko proposamen bati uko egitea erabaki zenuten PPtik zuek aurkeztu ez zenutelako. Argudioa ez zen proposamenaren mamiari buruzkoa izan; aitzitik, orduko proposamena egin zutenak auzitan jartzea bilatzen zenuten, aurkako botoa argudioekin oinarritu gabe". Hitz horiekin, Maribel Vaquero Euskal Taldeko bozeramaileak PPri aurpegiratu dio eztabaidara ekarri izana lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren izapideak arintzeari dagokionez EAJk legegintzaldiaren hasieran aurkeztu zuenaren eta orduan PPk aurka bozkatu zuenaren oso antzekoa izango den lege-proposamen bat.
“Euskal Taldetik denbora daramagu akordioak erreklamatzen etxebizitza krisiari aurre egiteko, aurreiritzirik eta apriorismorik gabe. Hala ere, eta etxebizitzaren krisi-egoera denok onartzen dugun arren, eztabaida lasai eta pragmatikoaren eta irtenbide bateratu bat bilatzearen aurrean inposatzen dira jarrera erradikalak eta aurkari politikoen arteko mesfidantza", deitoratu du Vaquerok, lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren segurtasun juridikorako, hiri-garapenaren bultzadarako eta etxebizitzarako neurri administratibo eta prozesalei buruzko Lege Proposamena kontuan hartzeko eztabaidan. "Gaur bertan hemen agertuko dira hirigintza-plangintza espekulazioarekin parekatuko duten talde politikoen bozeramaileak", gaineratu du.
Bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, alkateek eta udal-taldeek urteetan eginiko lana batzuetan nahastu egiten da hirigintza-izapidetzearen deuseztasun-araubidearen beraren zurruntasunagatik; hori dela eta, are segurtasun juridiko handiagoa eskatu du, kolore politiko guztietako alkateek aurkeztutako eskariaren berri emanez: "Gure ustez, oso garrantzitsua da 55. artikulua aldatzea, lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnen deuseztasunari eta deuseztagarritasunari buruzkoa, eta haren babesean emandako egintzei buruzkoa".
Hala ere, PPren ekimenaren bigarren zatia ere kritikatu du. Zehazki, kalteberatasuna baloratzeko IPREMen ehunekoa aldatzeari buruzkoa: "Muga 1,5ean ezartzeko proposatzean,iruditzen zaigu ez zaretela errealitateaz jabetzen, eta are gutxiago gogoeta hori estatu osoan harmonizatzen bada. Oso familia-administratzaile onak zarete, baita magoak ere, 1.000 euro eskasekin familia batek etxebizitza bat eskuratu eta egunero jan, jantzi eta berogailua piztu ahal duela uste baduzue. Nola eta non egiten duten kontatu beharko diguzue".
Era berean, Etxebizitza Legea `de facto´ indargabetzea proposatu izana deitoratu die, "etxebizitza duin eta eskuragarria eskuratzeko egungo errealitatea konponduko duten ordezko neurririk aurkeztu gabe". Nahiz eta Euskal Taldeak behin baino gehiagotan esan lege honek hutsuneak dituela eta eskumen autonomikoak higatzen dituela, Vaquerok popularren "proposamenak egiteko esfortzurik ez izana " gaitzetsi du.
Bozeramaile jeltzaleak argi utzi du, Lege Proposamen hau aurrera ateratzen bada, Euskal Taldeak bere zuzenketak aurkeztuko dituela egoki jotzen ez dituen alderdi guztiak bideratzeko. Eta Kongresuan etxebizitzaren inguruan izapidetzen ari diren ekimen guztiak kontuan hartuta, horiek guztiak aztertzeko "lantalde" bat sortzea proposatu du Vaquerok, proposamen integral bat egin ahal izateko. Halaber, enegarrenez eskatu die Gobernuari eta Etxebizitza ministroari, adituen lantaldeetan jasotako ekarpenen ondorioak taldeei aurkezteko.