Mendekotasunari eta desgaitasunari buruzko legeen erreforma babestu du Euskal Taldeak, hainbat hobekuntza egin eta Espainiako Gobernuak finantzaketarako duen eskumen-eremua eta konpromisoa mugatu ondoren

Maribel Vaquero talde jeltzaleko bozeramaileak azaldu duenez, izapidetze prozesuan zaintzaileentzako onurak gehitu dira, eta jasota utzi da mendeko pertsonentzako arreta bermatuko dela zaintzaile nagusia gaixorik edo ospitaleratuta dagoenean
Mendekotasunari eta desgaitasunari buruzko legeen erreforma babestu du Euskal Taldeak, hainbat hobekuntza egin eta Espainiako Gobernuak finantzaketarako duen eskumen-eremua eta konpromisoa mugatu ondoren
14 Uztaila | Kongresua

"Pertsona guztiok gure bizitzan zehar  bizi behar ditugu zaintzeko edo zainduak izateko egoerak. Horregatik, zerbitzu publikoak eta hirugarren sektorearekiko eta eremu komunitarioarekiko elkarlana areagotzeaz gain, zaintzak politika publikoen erdigunean jarri behar ditugu. Izan ere, mendekotasun-egoeran dagoen pertsona batek arreta duina jasotzen duenean, zaintzaile bati laguntza ematen zaionean edo desgaitasuna duen pertsona batek bizitza sozialean erabat parte hartzeko  aukera duenean, komunitate osoa indartuta ateratzen da. Hori da zainketen euskal eredua, gero eta pertsonalizatuagoa, komunitarioagoa eta pertsonengan zentratua izateko helburua duena", adierazi du Maribel Vaquero Euskal Taldearen bozeramaileak, EAJren babesarekin onartu den Mendekotasun eta Ezintasun Legeak aldatzen dituen Lege Proiektuaren eztabaidan.

Vaquerok gogora ekarri du proiektu honen tramitazioa Euskal Taldeak aurkeztu duen osoko zuzenketa batekin hasi zela,  arrazoi bik bultzatuta egin ere: finantziazioa eta eskumen-eremuarekiko errespetua. Baina "lege-proiektuak eskumenak hobeto txertatzen ditu, finantzaketari buruzko konpromiso politikoa  dago eta, gainera, hobekuntza garrantzitsuak egin dira onartutako zuzenketei esker", deskribatu du bozeramaile jeltzaleak Euskal Taldearen babesa azaltzeko.

Finantzaketari dagokionez, Vaquerok aditzera eman duenez "prestazioen katalogoa zabaltzeak eta aurreikusitako gainerako aldaketek gastu publikoa nabarmen handitzea" dakarte, eta horregatik bermea eskatu dela. 2006ko Legearen arabera, Espainiako Gobernuak batera finantzatuko ditu zerbitzu horiek, baina, bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, ordutik hona izan diren gobernuek "ez dute inoiz hitzartutakoa bete".

Euskal erakundeek oso-osorik bete dute Estatuko legediak eskatutako zerbitzu eta prestazioen zorroa, bai eta hobetu ere , eta, hala ere, zenbait ekitalditan gastu osoaren % 92ra iritsi dira", laburbildu du Vaquerok, eta gaineratu du 2024an "Euskadik 1.020 milioi euro bideratu zituela mendetasunera" eta" Estatuak guztizkoaren % 16,96 baino ez zuela eman".

Azaldu duenez, finantzaketa hori Ekonomia Itunaren  eta Ekonomia Hitzarmenaren bidez artikulatzen da Euskadin eta Nafarroan, eta ez beste autonomia erkidego batzuetan bezala, mendekotasuna finantzatzeko Errege Lege Dekretuaren bidez. "Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan 2025ean gai horri buruzko akordio bat lortu bazen ere, beharrezkoa da kupoaren kalkulua doitzea kofinantzaketa hori behar bezala islatzeko, legeak jasotzen duena betez", adierazi du bozeramaile jeltzaleak.

Mendekotasunaren legean jasotako hobekuntzen artean, Vaquerok honako hauek nabarmendu ditu: zaintzaileari laguntza ekonomikoa ematea eta mendekotasuna duen pertsonak bere ohiko ingurunean jarrai dezan bultzatzea; zaintzaile nagusia ospitaleratuta dagoenean edo gaixotasun larria duenean zainketek jarraipena izatea bermatzea, inoren laguntza behar duen inor zaindu gabe gera ez dadin; zaintzaile nagusiak babesteko neurri espezifikoak hartzea, eta beste hobekuntza batzuk egitea zerbitzuen kalitateari eta enplegu-baldintzei dagokienez".

Era berean, Euskal Taldeak berme gehiago eskatu ditu polioak kaltetutako pertsonentzat, amiantoaren biktimentzat, CUME prestazioa jasotzeko eskubidea dutenentzat edo sexu-indarkeriaren biktimentzat, "kotizaziopekoa ez den pentsioa kalte-ordain judizialarekin bateratu ahal izateko, kalte-ordain hori ez baita oinarrizko beharrizanak estaltzeko diru-sarrera, jasandako kalte moralaren ordaina baizik", baina zuzenketa horiek atzera bota dira.

Vaquerok adierazi duenez, "zaintza gai politikoa da, erakunde demokratikoetan funtsezko lekua izan behar duena, eta zaintzaren erantzukizunak zuzentasun osoz banatzeko antolatu beharko lirateke, zama nagusia emakumeen esku utzi gabe".

 

PARTEKATU