Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak Espainiako Gobernuari eskatu dio gaur Euskadiko alturako ontzidiarekin askoz konpromiso handiagoa erakustea, sektoreari eragiten dioten krisien aurrean euren jasangarritasuna bermatzeko.
Agirretxeak Kongresuko kontrol saioan azaldu duenez, Euskadin "itsasontzi batzuek portuetatik atera gabe jarraitzen dute itsasora irteteak ez dielako konpentsaziorik ematen", eta, zehazki, portuan amarratuta dagoen Ondarroako ontzidia aipatu du. "Beti izan ditugun eta modu batera edo bestera aurre egiten jakin ditugun egiturazko arazoei koiunturazko arazoak gehitzen ari zaizkie orain, eta, ondorioz, aurrekoak baino larriagoak bihurtzen dira, akabera ematen dielako atzera bueltatzeko aukerarik eman gabe", zehaztu du.
Une honetan, "gasolioaren prezioa arriskuan jartzen ari da jardueraren beraren bideragarritasuna, eta egungo laguntzak ez dira nahikoak; horregatik, indartzeko eskatzen dizugu", esan dio Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari. Eta iragarritako laguntzak aipatu ditu: "Itsasontzi bakoitzak benetan kontsumitzen duenaren arabera kalkulatu behar dira, administratiboki ezarritako erreferentziazko kontsumoari 20 zentimoko muga aplikatzeak, normalean benetakoa baino txikiagoa, nabarmen murrizten baitu itsasontzi bakoitzak jasotzen duen benetako konpentsazioa. Gasolioaren prezioaren arazoa ez da astebetean desagertuko. Horregatik, laguntzak luzatzea ere beharrezkoa da, Frantziak egin duen bezala, litroko 35 zentimoko zuzeneko laguntza baieztatu baitu hornigailuan, abenduaren 31ra arte".
Azaldu duenez, egungo egoerari gehitzen zaio sektoreak urteotan pairatu duen eta egun pairatzen ari den presioa, “koste gehiago, bazterkinak botatzeko politika, burokrazia handiagoa eta Bruselan hartu diren eta gure ontzidiaren jarduerari zuzenean eragiten dioten erabakiak”. Hori dela eta, Espainiako gobernuak arrantza arloan eskuduntzak dituelako eta Europarekiko solaskidea delako, Agirretxeak Planasi exijitu dio “gure ontzidiaren interesak Europan defendatzea” eta “arrantzak etorkizuna izaten jarrai dezala bermatzea”.
“Arriskua ez da soilik itsasontziak une honetan amarratuta egotea. Benetako arriskua da horietako batzuek orain amarratzea baina berriro ez ateratzeko”, ohartarazi du.